Bi proiektu aurkeztu ditu Aiarako Udalak Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planera. Etxaurren Ikastolako berogailu sistema berritzean eta aire girotuko sistema bat jartzean datza egitasmo horietako bat.
Tokiko erakundeak azaldu du eskolako gaur egungo galdara oso zaharra dela. Gasoilaren bidez funtzionatzen du, eta C02 emisio handiak eragiten ditu. Horregatik, sistema berria jasangarriagoa eta merkeagoa izango da, Udalaren esanetan. 548.378,62 euro baliatuko dituzte lan hori egiteko. Aurreikusi dutenez, hiru hilabete beharko lituzkete obrarako.
Luiaondoko Patxita Etxea berregokitzean datza bigarren ekimena. Luiaondon dago eraikin hori, La Torre kalean. Beheko pisuan anbulatorioa dago, baina goiko pisuak hutsik daude. Espazio horiek berregokitu nahi ditu tokiko erakundeak, ekintza sozial eta kulturaletarako atontzeko. Lehen pisuan erabilera anitzeko areto bat kokatu nahi dute. Sabaiaren azpiko gunean, aldiz, erakusketak edota hitzaldiak egiteko txokoa atontzea da asmoa. 348.419,80 euro bideratuko dituzte lan horietara.