Ekainaren 27an abiatuko da Zigor Egia Islandiara. Garraiobide ugari uztartuko dituzte, itsasoa zeharkatu beharko baitute, besteak beste. Egiak azaldu duenez, belaontzian joango dira Islandiatik Groenlandiara: "15 metroko belaontzian joango gara, Danimarkako itsasertza zeharkatu eta Groenlandiako ekialdera jotzeko. Bertako mendietan ibiliko gara eskalatzen".
Klimatologiara egokitzea izango dute lehenbiziko erronka. Guztira, 18 egun igaroko dituzte lagun artean eskalatzen. Islandian elkartuko dira abenturako kideak: "Mistic Mountains mendietara joango gara, oso gutxi zapaldutakoak dira". Bizkaiko Mendizale Federazioko Segurtasun arduraduna da Egia.