Babioko indusketa arkeologikoak ezagutzera emateko ibilaldia egingo dute larunbatean, abuztuaren 3an. Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta, orain arte eginiko lana azalduko dute.
"Norbaitek eragozpenik izango balu ibiltzeko, ibilgailua jarriko da pertsona hori Babiora igotzeko. 11:00etan izango da horretarako zita Izoriako txokoan", adierazi dute deialdian. Euskaraz zein gazteleraz emango dituzte azalpenak, eta mendiko botak edota zapatila erosoak eramatea gomendatu dute, "baita jaka eta ura ere".
Bost urteko indusketa
Jon Obaldiak Aiaraldea hedabideari aipatu dionez, iazko araketaren emaitzak positiboak izan ziren: "Babioko Erdi Aroko Herri harresiaren indusketetan materiala topatu genuen. Aurten 5 urterako indusketa plana abiatu dugu, lau urtez ariko gara industen".
Azken urtea informazioa bildu eta zabaltzeko baliatuko dute. "Lau indusketa eremu ditugu: lehena iaz egin genuen, etxebizitzen maila topatzeko eta egiturak zein materiala topatzeko". Modu horretan nahi dute bertakoen bizimodua zelakoa zen jakitea. Nondik norako guztiak, ordea, larunbateko ekintzan kontatuko dituzte.