Atzo goizean Babio mendian dagoen Burdin Aroko herri harresituaren indusketen nondik norakoak azaldu zituzten Aranzadi Elkarteko kideek.
5 urteko plana hasi dute, iaz indusketa profesionala egin ostean. 4 urtez mendian bertan ikertuko dute eta azkenengoan bildutako informazioa artikulu edo liburu bilakatuko dute.
Aurten 4 eremu hartu dituzte lantzeko: etxebizitzak aztertzeko, harresiko defentsa sistema nolakoa den ikusteko, kobazuloan nekropoliaren aztarnak dauden argitzeko eta bigarren harresitik gertu ere egitura berriak bilatuko dituzte.
Aiarako Udalak 10.000 euroko diru-laguntza eman die eta Etxaurren Ikastola ere baliatzen ari dira. Guztira 10 lagun inguru ari dira lanean.
Helburu anitzak ditu proiektuak. Alde batetik, saiatuko dira zehazten herrixkaren kronologia, hau da, lehen Burdin Arokoa den edo bigarren aroan kokatu behar duten.
Horrez gain, asmoa da ahalik eta babes kategoria handiena lortzea eremurako, kalteak ekiditeko kultura, historia eta arkeologia ondasunean.