Bilboko Arte Ederren Museoa berritzea izango duzu datozen hilabeteetan ardura nagusi.
Nazioarte mailan ireki zuten Bilboko Arte Ederren Museoa berritzeko lehiaketa. Madrilgo Foster Estudioak 2000. urtean eraikin beraren erreforma egiteko nire proiektua hautatu zuela jakin nuen (1998an izan zen lehiaketa hori). Eurek esan zidaten ea beraiekin aurkeztu nahi nuen oraingo deialdira, eta noski, ezin izan nien ezezkorik eman, nahiz eta beste talde batzuk ere interesatzen zitzaizkidan. Modu sinple batean aurkeztu genuen egitasmoa, eta ezustekoa eraman nuen, uste bainuen gazteei edo beste ideia fresko batzuei tokia egingo zietela.
2018.urtean ere berrikuntza txiki batzuk egin nituen. 1998tik 2001era bitartean ere museoa berritzen ibili nintzen, beste lehiaketa bat irabazita. Beraz, egia da urte asko daramatzadala museo horren inguruan lanean eta bueltaka.
Zein da aurkeztu duzun proposamena?
Lehiaketak eraikina handitzeko ideiak eskatzen zituen, galeria handi bat izateko, erakusketa guneak edukitzeko… Lurrazpiko alternatiba proposatu beharrean, eraikinaren gainaldearen alde egin genuen apustu. Gu oso goiz hasi ginen proiektua prestatzen, duela bi-hiru hilabete egin genituen lehen zirriborro eta maketak.
Fosterren lan egiteko modua hori da: azken 15 egunetan 40 pertsona jartzen dira lan bera hobetzen, gurekin batera. Izugarria da: mundu osoko adin eta ibilbide ezberdinetako jendea aritzen gara errespetu osoz besteen lanak fintzen. Niretzat hori opari bat da.
Oso bizia izan da, estresatuta baina emozioz bizi izan dut prozesua, irabazteko eta galtzeko aukerak nituelako. Niretzat museoa oso berezia da. Zorte eta ohore handia da niretzat 20 urte eta gero bizirik dagoen elementu baten erabaki garrantzitsuen parte izatea.
“Arkitektura nire ustez zerbitzu erakargarria eta erabilgarria izan behar da”
Norbanakoaren lana edo taldearena, zein da garrantzitsuagoa horrelakoetan?
Egia esanda, ni lantaldearen zati txiki bat baino ez naiz: Madrilen eta Londresen dugu Foster Estudioa, eta elkarrekin egiten dugu dena. Laburrean azaltzeko, 1.500 langiledun campus bat da Foster, diziplina anitzeko profesionalak gaude bertan. Guk nagusiki Euskal Herrian egiten dugu lan, baina baita Espainian ere.
Nolakoa izango da museoaren azpiegitura berria?
Airean objektu bat izango du. Modu horretan, fase ezberdinetan lurra altxatu beharra ekidin dugu gure proiektuan. Gure nabea sinplea da, baina ezberdina, argia… 2.000 metro koadroko erakusketa gunea da saritu dutena, 700 metro koadroko solairu arte batekin, objektuak, parkearen gunearekin lotura bermatuko duten aldaketak…
Eraikinaren kanpoaldean egin nahi duzuenak arreta handia piztu du hedabideetan behintzat.
Eraikinaren aurrealdea ere aprobetxatuko dugu. Euskadi plazak -museoaren aldamenekoak- barrera funtzioa zuen orain arte. Gure proiektuarekin plaza eta Kasilda parkea lotuko ditugu. Kilometro bateko eremua atondu nahi diogu egun dagoen bideari. Horrez gain, museorako sarbidea natur elementuekin eta eskulturekin dotoretuko dugu.
Zein izango da zure funtzioa, behin obra hasita?
Zuzentzea, ni bainaiz UTEaren ordezkaria. Orain egitasmoaren azken xehetasunekin gabiltza. Irailean zehar aurkeztuko dugu obra osoa. Ingeniariak ari gara kontratatzen orain.
Nazioartean landutako proiektu bat izanik, nola bideratuko dituzue lanak?
Fosterrek ideien fasean hartzen du parte, obra Madril eta gure artean egiten dugu. 16 hilabete ditugu proiektuaren erredakzio faserako, eta beste hainbeste egikaritzeko. Nire kalkuluak hiru urtekoak dira.
“Arkitektura publikoa egitea kalea saltzea da, etengabe lehiatzea eskatzen du. Arkitekto pribilegiatua izatea presioa da, eta nekeza”
Arkitekto pribilegiatua izatea presioa bat al da?
Bai, eta nekeza. Kontua ez da “orain eta ia nahi izatea”, handicap handia da. Arkitektura publikoa egitea kalea saltzea da, etengabe lehiatzen egotea eskatzen du. Estruktura honek ez harrapatzen saiatzen naiz… Jende askok lagundu nau ni, Ana Martin eta Luis Solatxik kasu. Elementua edozein delarik ere oso garrantzitsua da azterketa eta ikerketa fasea.
Getxoko antzokiko obrak ere zure proiektua du oinarri.
Bai, oso esperientzia intentsua izan da hori ere, 2007tik hona 11 urte eman ditugu lanean. Udal egituragatik faseetan banatuta egin behar izan genuen, eta horregatik luzatu zen hainbeste. Espero dut -udazkenean inauguratuko baitute- erabilgarria izatea. Azken finean, bakoitzak eraikina bere egitea eta sentitzea da gure helburua, zerbitzu edo gune gisa erabiltzea. Zentzu horretan, Getxoko kasuan gauza politak gertatu dira: inauguratu aurretik hasi dira erabiltzen, eta horrek -frogatzeak- azken zertzeladak aldatu eta hobetzeko aukera eman digu.
Galdakaon ere beste zentro bat berritzeko proiektua irabazi nuen, baina gobernu aldaketarekin etenda dago uneotan. Askotan gertatzen zaigu hori: boterea eskualdatzean urteetako lana etenda geratzen da.
Laudion ere egin duzu lanen bat, ezta?
Bai, elizpeko arkupeak berritu nituen pisu gutxiko arkitekturarekin. Arreta askorik ez deitzea bilatu nuen, hobetzea baina ez eraldatzea.
Eta Euskal Herrian?
Topikoa dirudi, baina ez nuke jakingo lan bat aukeratzen. Uneotan Gasteizko Espainia plazan sekulako bistadun ganbara bat atontzen ari gara. Egiten dugun ariketa bakoitza ikerketa eta zailtasun proba bat da.
Nola ulertu beharko luke jendarteak arkitektura?
Guk interpretatzen dugun bezala: zerbitzu diziplina izan behar da, beste asko moduan. Arraultza frijituarekin konpara liteke: egoki eginez gero artistikoa izan liteke, edota pintxoekin. Edozein jarduera bezala ondo edo polit eginez gero artea da, bestela ez. Zenbat eta erabilgarriagoa izan, orduan eta hobea izango da.
Erabilgarritasunak ala edertasunak, zerk agintzen du?
Nire ustez, bien arteko uztarketa da. Sailkatzea gizakiak sortutako behar bat da, egiten duguna ulertzeko sortua. Zerbitzu erabilgarria eta erakargarria izan behar da arkitektura. Errespetua, estimulua, egokitasuna… izan behar ditu. Errespetua da gure lanaren oinarria, ingurumenarekikoa, espazioekikoa eta eskaerarekikoa. Horiek oinarri hartuta egiten dut nik lan.
Zertan oinarritzen zara proiektu bat diseinatzen duzun aldiro?
Sentsazioetan. Ordu asko pasatzen ditut ingurua aztertzen. Joan-etorri asko egiten ditut obra planteatzen den tokira.
Nire beldurrik handiena arkitekto gisa buruan duzun eskala eta presentzia egokiena ez izatea da. Hori zehaztasun ariketa izugarria da. Ziurtasuna ailegatu arte, denbora asko igarotzen da. Asko marraztu behar da, egindakoa ikusi, aztertu... Ez da saltzeko estrategia hutsa, tokian bertan egotea oso inportantea da. Aktoreek ere antzera jokatzen dute: 120 kiloko pertsona interpretatu behar duenak funtzio hori ahalik eta hobekien betetzeko bere esku dagoen guztia egiten du. 90 kilo hartu ez, baina sentsazio horiek bilatzeari ekiten dio; eta hori lortzea ez da batere erraza izaten. Bitxikeria bat kontatuko dizut: Europako arkitektu esanguratsuekin egon nintzen topaketetako batean (6 urte eman ditut kanpoan), 12 aditutik 2 direla eredugarrienak zioten.
Gure munduan, etengabe gaude mugimenduan, horregatik dugu exijentzia maila altua. Edozein profesionalek bezala beharrezkoa da autoexijentzia: zirujauen pare.
“Inportantea da arkitekto gazteekin egotea, beraien freskotasuna hartzeko, besteak beste”
Unibertsitateko irakasle ere izandakoa zara, ezta?
Bai, Nafarroako unibertsitatean dihardut. Gonbidatu gisa hasi nintzen bertan, eta nire profesionaltasuna gustatu zitzaienez ordu batzuk eman zizkidaten. Bitxia da: %80 da euskalduna bertan, nahiz eta Espainiako zein Hego Amerikako ikasleak ere egon. Niretzat bereziki inportantea da arkitekturaren maitale gazteekin egotea, beraien freskotasuna eta gogoberotasuna xurgatzeko. Kontrastea, ideiak airean hartzea eta jaurtitzea... Niretzat eztabaida horiek dira interesgarrienak, baita aberasgarrienak ere emozionalki eta mentalki. Dena den, bi urte barru -araudiak hala dioelako- hezkuntzaren mundua alboratu beharko dut irakasle moduan. Ordutik aurrera, gonbidatu gisa joango naiz, eskatzen baldin badidate.
Nola definituko zenuke zure arkitektura estiloa?
Oso aintzat hartzen ditut autoexijentzia, ingurunearen azterketa, planteatzen den objektuaren araketa... Horrela, esperotako forma eta erabilgarritasuna ematen diet egitasmoei.
Egoeraren arabera ezberdina izan arren emaitza, normalean dinamikotasuna bilatzen dut estatikotasuna beharrean. Proiektua inguratzen duenari garrantzia ematen diot, autokonplazentzia eta aitortzatik ihes eginez.
Hauskorra izaten saiatzen naiz... Arkitektura berregitea da niretzat, hala ere, ariketarik erakargarriena. Gehiagotan egitea gustatuko litzadake egia esan: eraikinak botatzeko ohitura dago, moldatu edo eraberritzeko aukera baztertuta. Pena da, askotan bestelako erabilera ere eman baitiezaiokegu.
Arkitektura munduan pribilegiatu izatea ezinbestekoa al da aurrera egiteko?
Curriculuma garrantzitsua da bestelako lehiaketetan parte hartu ahal izateko. Egitasmo asko mugatuta daude. Eremu pribatuan konfidantzarekin aski da, baina lehiaketa publikoetan ezinbestekoa da Curriculum esanguratsua izatea.
Zein da profesional gisa zure ametsa?
Nire ametsa? Ez dut metarik, egia esan. Aukera bakoitza aprobetxatu nahi dut, bakoitzetik ariketa berriak egin, eta noizean behin lehiaketak irabazten segi proiektuak gauzatzen jarraitu ahal izateko. Adi egon nahi nuke testuinguru sozialean gertatzen denari ere, potentzialitateari zukua ateratzeko. Nik ez dut biharko egunean pentsatzen, oraina bizi dut. Izan ere, askotan gertatu zaigu hilabeteak ematea lan bat prestatzen, gero ezerezean geratzeko. Horregatik ez zaizkit epeak eta planifikazioak horrenbeste gustatzen, bizitzan segurua ez da ezer. Zereginez betetzen ditugu egunerokoak, biharko eguna iritsiko den jakin gabe.
Esate baterako, Galdakaoko eraikuntzaren kasuan denbora mordoa eskaini genion proiektuaren erredakzioari. Orain, udal gobernua aldatu da eta talde berriak erabaki beharko du egitasmoarekin jarraitu edo ez. Baztertzen badute, egindako guztia alferrik izango da. Askotan gertatzen zaizkigu horrelako egoerak, horregatik diot gure lanean ez dagoela biharrik, orainari eutsi behar zaio, ez baitakizu bihar zer gertatuko den.