Zertan datza cianotipia?
Cianotipia kontaktu bitartezko inprimatzeak egiteko erabiltzen den antzinako prozesu fotografikoa da. Argazki kamerarik gabe egiten da.
Beraz, ez da inolako aurretiko jakintza fotografikorik behar, jakin-mina duen edonor etor daiteke ikastaroa egitera.
Oso aspaldiko teknika da. Zerk egiten du berezi?
Prozedura honakoa da: ur eta burdin gatzekin emultsio fotosentikorra sortzen da. Emultsioa paperetik zabaldu eta horren gainean edozein objektu, landare edota negatibo ipintzen da.
UV argiaren eraginpean jartzean, objektu edo negatibo horren irudia paperean agertzea lortuko dugu. Irudia errebelatu eta finkatu ahal izateko urarekin garbitzen da, eta horrela agertzen da cianotipoen urdin kolore bereizgarria.
Nahiz eta oso antzinako prozesua izan, ez dizkio sormenari mugak jartzen, hori da niretzat garrantzitsuena; sortzeko eta esperimentatzeko ematen dituen aukera anitzak. Hainbat teknika daude cianotipoak sortzeko eta baita berez duen urdin kolorea aldatzeko ere.
“Nahiz eta oso antzinako prozesua izan, ez dizkio sormenari mugak jartzen, hori da niretzat garrantzitsuena”
Gehien gustatzen zaidana da artisau-prozesua dela. Gaur egun argazkigintzaren inguruan dauden hainbeste gailu elektronikoetatik atera, arnasa hartu eta argazkigintza prozesu analogiko eta esperimentaletan murgiltzeko aukera erraza eta nahiko merkea ematen du.
Zer nolako ikastaroa izango da?
Ikastaroan objektu, lore, landare eta fotolitoekin (gardenkietan inprimaturiko negatiboak) cianotipoak egiten ikasiko dute partaideek. Hainbat efektu lortzeko teknika eta trikimailau ikusi eta probatuko dituzte eta azkenik, kolore aldaketak nola egin daitezkeen ikusiko dute.
Tailerra guztiz praktikoa izango da eta partaide bakoitzari askatasuna guztiarekin sortzen utziko zaio. Esperimentatzeko, jolasteko, ikasteko eta konpartitzeko espazioa sortzea da helburua.