200 txirrindulari inguru espero dira Aiarako ziklokroseko lehenengo edizioan

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 11a, 18:55

Eguraldiak lasterketaren garapena baldintzatuko du. / Aiaraldea.eus

Euskadi taldeko Gotzon Martinen partaidetza ziurra da antolakuntzaren ustez; eta Gorka Izagirre Astana taldeko ormaiztegiarrarekin hizketan ere ari dira.

Berrehun txirrindulari inguru espero dituzte abenduaren 22an antolatuko den Aiarako ziklokroseko lehenengo edizioan. Antolatzaileetako batek, Joseba Terrerosek, azaldu bezala, Etxaurren eskolaren alboko zelaietan barrena bi kilometro eta erdiko zirkuitu bati aurre egin beharko diote txirrindulariek, futbol zelaia eta alboko aldapak tartekatuta.

Partaidetzari dagokionez, Arabako Txapelketa denez eta Euskadiko Txapelketa baino astebete lehenago kokatuta dagoenez, kategoria txikietako zonaldeko txirrindulari onenak erakartzea espero dute. Kategoria nagusian, elite mailan, ziurgabetasun gehiago ditu antolakuntzak.

Profesionalen artean, Gotzon Martin Euskadi taldeko txirrindulari orozkoarraren partaidetza ziurtzat eman dute. Ez, ordea, Gorka Izagirre Astana taldeko txirrindulariarena, zeina azkenengo momentura arte duda izango den, bere taldearekin errepide denboraldia prestatzeko kontzentrazioa izango baitu aste horretan bertan. Ziklokroseko Espainia mailako erreferenteak, Felipe Orts valentziarra buruan dela, azken unera arte izango dira zalantza ere.

Etorkizunari begira, aurtengo edizioaren balorazioa positiboa izatekotan, datorren urteetan ere antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi du Terronesek; “antolatzaileon artean horrelako kolaborazioa izaten jarraitzen badugu ziklokrosa egiten jarraituko dugu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide