Tortilla eta mus txapelketak eta diskodantza izango dira Izoriako jaietako ekitaldi nagusiak

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 2a, 16:43

Mus txapelketa egingo da beste behin ere Izoriako jaietan. / Aiaraldea.eus

Larunbatean herri odoloste dastatzea egingo da, 20:00etan. Igande arratsaldean, berriz, mus txapelketa antolatuko da, 300 euroko sariarekin.

Bihar, urtarrilak 3, hasiko dira Izoriako jaiak Jon Obaldiak Babioko herri harresituaren ikerketan ateratako emaitzen inguruan emango duen hitzaldiarekin. 19:00etan izango da zita txokoan.

Hala ere, egun indartsuena larunbata izango da, urtarrilak 4. Patata tortilla txapelketarekin hasiko da eguna, 10:00etatik aurrera (tortillen aurkezpena 13:00etatik aurrera egingo da).

Herri odoloste dastatzearekin jarraituko dute arratsaldean, 20:00etan. Diskodantzarekin eta DJ Truetox ta Kittoren musika emanaldiarekin amaituko da gaua, 22:00etan eta 2:00etan, hurrenez-hurren.

Hurrengo egunean, igandean, mus txapelketa egingo da 17:00etatik aurrera. Txapela eta 200 euro emango zaizkie irabazleei, bigarren sailkatzen direnei 100 euroko saria, eta hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnei edari sorta bana.

Urtarrilaren 6an, astelehena, meza nagusia egingo da 13:00etan Errege Magoen etorrerarekin. Segidan, 13:30ean, Anne Valverde Ibarrola Amor hasta el despertar liburuaren aleak sinatuko ditu. Ordu berean ere, euskal dantzak egongo dira, Aiara Dantza Taldearen eskutik.

Jaiei amaiera emateko, meza antolatuko da asteartean, urtarrilak 7, 13:00etatik aurrera. Eraso matxisten aurkako gunea ere egongo da, egun guztietan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide