"Arbaso indigenak dituen Quebeceko tranpa-jartzaile batekin egon naiz 15 egunez"

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 2a, 11:00

Alaskara joan nahi du orain Arberasek. / Aiaraldea.eus

ENRIQUE ARBERAS (Amurrio, 1966) biologoa 2018an Kanadan egon zen hango tranpa-jartzaile autoktono batekin astebete bizitzen, bere ametsetako bat egia bihurturik. Nahiz eta izatez Amurriokoa izan, 2001ean mugitu zen Agiñigara, eta han jarraitzen du oraindik. Etorkizunari begira, hilabeteko esperientzia bizi nahi du Alaskan edo Siberian eta, ahal izatekotan, bakarrik egiteko asmoa du.

Zer egin zenuen Kanadan?

Quebeceko estatura joan nintzen 2018ko urrian. Hango tranpa-jartzaile semiprofesional batekin tranpak jartzeko aukera izan nuen. Berarekin egon nintzen elkarbizitzen etxola batean, Laurentideetako erreserban.

Zenbat denbora egon zinen han?

Hamabost egun egon nintzen guztira, astebete tranpa-jartzailearekin.

Zer da, zehatz-mehatz, tranpa-jartzailea izatea?

Laurentideetako erreserba hau lurralde zabala da, ehiza eta arrantzarako esparru baten antzekoa, basotsua. Guztira 8.000 kilometro koadroko zabalera du, Euskadi osoko azalera, baina han ez da inor bizi.

Gizon honek, Denisek, bere partetik, beste lurralde bat du, 100 kilometro koadrokoa. Gobernuak urtero behartzen dio animalia konkretu batzuei tranpa jartzea, lurraldea mantentzeko.

Animaliak edozein motakoak izan ahal dira. Kastoreak izan ahal dira, edo beste edozein haragijale mota: igaraba, bisonte amerikarra, hartzak, otsoak... Denetarik. Bost espezie desberdinetako hamabost animalia ehizatu behar ditu.

Kanadan, Estatu Batuekin eta Errusiarekin batera, tranpak jartzeak garrantzia handia dauka. Esaterako, Kanadan tranpa-jartzaile profesionalak daude oraindik.

Tranpa-jartzaile orokorrak eta bertakoak ez direnak ere izan ahal dira. Montrealen, adibidez, ia 400 negozio daude larruarekin harreman dutenak. Haientzat, tranpak jartzea naturala da.

Nik beti esaten dut gehien harritu ninduena Kanadan landatar populazioa basoan bizi dela izan zela, ez basoari atzealdea emanez, guk egiten dugun bezala.

Horrek esan nahi du haientzat basoa etxea dela, eta ehizatzea, tranpak jartzea, arrantza egitea edo egurra ateratzea erabat naturala da. Gure mentalitatearekin ez du inolako zerikusirik.

Zein zen zure funtzioa tranpak jartzerako orduan?

Nik bera laguntzen nuen, bere morroi antzekoa nintzen: argazkiak ateratzen nituen, berarekin nengoen, eta ahalik eta gehien ikasten saiatzen nintzen. Hemen, tranpak jartzeak funtzio bat du, batez ere zientifikoa.

Guk, batzuetan, animaliak hartzen ditugu eta GPS bat jartzen diegu. Horretarako tranpak jarri behar dira. Beste toki batzuetan, harraparien kontrola onartzen da, eta hori tranpak jartzen egiten da. Kanadako kasuan heriotzarekin jartzen dira, eta larruak aprobetxatu behar dituzte.

Ehun tranpa jarri genituen bere lurraldearen parte batean eta, behin aktibatuta, egun batzuen ostean bueltatu ginen harrapatutako animaliak hartzera eta berriro aktibatzera. Hori zen nire funtzioa.

 

"Montrealen ia 400 negozio daude larruarekin harremana dutenak, tranpak jartzea naturala da haientzat"

 

Nola heldu zinen Kanadara tranpa-jartzaile batekin lan egitera?

Nire pasioa animaliak dira. Gainera, beti erakarri izan nau bizimodu horrek. Alaskako eta Kanadako pertsona hauek daramaten bizimoduak deitzen zidan gehien. XIX. mendean zuten bizimodua bizi nahi nuen.

Horretarako bizimodu basati bat eraman behar da, eta guk urrun dugu hori.

Gaur egungo tranpa-jartzaileek, etxeko eta trebetasun mekaniko asko izateaz gain, beste hainbat tresna eta profil psikologiko dituzte, inguru horretan bizirik iraun ahal izateko, ia birjina den inguru batean.

Denisek tranpak jartzen ditu, gidatzen badaki, motozerra erabiltzen du, aizkora ere, orientazio sinestezina du basoan... Iraganean, gainera, pistola eta labana erabiltzen zuten, sua egiten zuten, etab.

Ni harritu ninduena izan zen posiblea dela modu erabat basatian bizitzea lurralde babesgabe batean. Pribilegio bat da hori bizi ahal izatea XXI. mendean, duela bi mendeko tranpa-jartzaileen moduan bizi ahal izatea.

Kontua ez da tranpak jartzea, nik bizimodu hori probatu nahi nuen, etxola batean bizi, non akats bat egitekotan hil ahal zaren.

Esaterako, ni ezin nintzen pistatik atera. Tranpa-jartzaileak egin zuen lehenengo gauza, lurraldera heldu nintzenean, abisu bat ematea izan zen.

Zer alde positibo eta negatibo atera dituzu esperientzia honetatik?

Dena izan da positiboa. Aspaldiko bizimodu bat eraman ahal izana, naturaren amodioa edo behaketarekiko pasioa diren balore nagusietako batzuk.

Baso batean bizi ahal izatea, ia birjina dena, niretzat zintzilik nuen amets bat egitea izan da.

Hurrengo helburua Alaskara joatea izango da. Dagoeneko prestatzen ari naiz. Kanadako kasuan, zorte handia izan nuen kontaktu bati esker.

Hau ezin du edonork egin. Hamaika bidaia eta hamaika era desberdinetan prestatu ahal dituzu, baina arbaso indiarrak dituen autoktono batekin bizitzea ezin du edonork egin.

Han, indiarrek, urte osoan zehar jarri ahal dituzte tranpak eta ehiza egin. Ez dute inolako baimenik behar. Oraindik daude indigenen tribuak. Badirudi mundu guzti hori igaro dela jada, baina oraindik da posible horrela bizitzea.

Afrikara joateko zortea ere izan dut, baina askoz ere artifizialagoa da han. Ezin zara mugitu. Dena dago erabat kontrolatuta.

Parke batetik mugitzen bazara, masai bat izan behar duzu alboan. Ordea, honetan, nahi baduzu edo kontaktuak izatekotan, aukera baduzu, era autoktonoan bizi ahal zara oraindik, bizirauteko eran.

 

"Gutxienez hilabete bat bizi nahiko nuke bakarrik Siberian edo Alaskan, basoan galdutako etxola batean"

 

Alaskara edo Siberiara joateko asmoa duzu. Zer kontatu ahal duzu plan horren inguruan?

Nire ideia hara joatea da eta, ahal izatekotan, gutxienez hilabete bat bizi nahiko nuke bakarrik, basoan galdutako etxola batean.

Hala ere, hori arriskutsua izan daiteke, udazken hasieran izan beharko da, elurteak egon baino lehen.

Hartzen eta otsoen behaketa ere egin nahi dut, baita tranpak berriz jartzea ere. Alaskako parke nazional garrantzitsuenetako batzuk ere ezagutu nahi ditut eta, zergatik ez, egun batzuetan Yukomera jaitsi urrea bateatzea.

Urrearen sukarra nola bizi izan zuten ikusi nahi dut. Siberia, baliteke, Alaska baino basatiagoa izatea, baso handiagoekin.

Uda honetan, uztailean, Eslovakiara noa, tranpak jartzen ari dituen proiektu zientifiko batekin egotera.

Kide bat dut han, dagoeneko hamar otso hartu dituena, zortzi hartz eta zortzi katamotz ditu oraindik hartzeke. Bere lanean laguntzera noa, eta tranpak jartzearen inguruan ikastera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide