Greba mugagabea abiatu dute gaur Tubos Mecánicos Norte fabrikako langileek. Murgako industrialdean dago lantegi hori eta Tubacex taldearena da.
“Enpresa txikia da, baina diskriminazio handikoa”, nabarmendu du ELA sindikatuak greba dela eta plazaratutako oharrean.
Beharginei aplikatzen zaien hitzarmena 2008. urtetik berritzen ez dela nabarmendu du sindikatuak. “Ezarrita dauzkagun soldata-taulak ez datoz bat gure eguneroko lanarekin, gure lanaldia Tubacex enpresakoa baino askoz luzeagoa da. Gainera, beste afera batzuk ere baditugu, enpresak negoziatu nahi ez dituenak”, azaldu dute langile ordezkariek oharrean.
Horregatik abiatu dute greba mugagabea, “lan baldintza duinen alde borrokatzeko”. Azpimarratu dutenez, ez dute inoiz ezer eskatu, eta enpresak “banakako harremanak” bilatu ditu beti beharginekin, “banaketa” sustatzeko.
Aldarri nagusia jarri dute mahai gainean: “lanaren araberako soldata eskuratzea”. Salatu dutenez, azken hilabeteetan zuzendaritzarekin hitz egiten egon dira, baina horrek “dena ondo dagoela” eta “asko kobratzen dutela” erantzun die.