Diru-laguntzen aurtengo deialdirako 35.000 euro ditu guztira Aiarako Udalak. Dena den, hainbat baldintza ezarri ditu jasotzeko. Udalak adierazi duenez, bi diru-laguntza mota eskatu ahalko dira: ohiko gastuetarako eta inbertsioetarako batetik, eta aurrera eramango diren proiektuetarako bestetik.
Elkarteen mantenurako diru-laguntzak ezin izango dira kopuru osoaren %25 baino gehiago izan, ezta 1.000 euro baino gehiago ere. Urteko ekintzak edo proiektuak aurrera eramateko, elkarteek ezingo dute 6.000 euro baino gehiago eskatu.
Kirol ekintzak egiteko, aldiz, ezin izango dira urtean 1.800 euro baino gehiago eskatu. Formatu digitaleko edo fisikoko lanen edizioek 500 euro jaso ahalko dituzte. Jardueretako luntxetara 150 euro bideratuko dira gehien jota.
Diru laguntzak eskatu ahal izateko ezinbestekoa izango da irabazi asmorik gabeko elkartea izatea eta Aiarako udalerrian ekintzak bultzatzea izatea helburu.
Era berean, Etxaurren ikastolako eta Aiarako irakaskuntza zentroetako guraso elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, baita Olentzero edo Errege Magoen jaien antolatzaileek.
Hilabeteko epea egongo da laguntzak eskatzeko, oinarriak ALHAOn argitaratzen diren unetik hasita.