Aiarako Udaleko batzorde informatiboak irekiak izango dira hemendik aurrera. Horrela, biztanleek gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu nahi dute, “zuzenean edo ordezkarien bidez”. Era berean, udal korporazioek haien jardueraren eta biztanleen partaidetzaren inguruko “informazio zabala” eskainiko dute. Neurri hau Arabako Lurralde Historikoko Aldizkarian argitaratu eta helegiteak jasotzeko epea bukatzean jarriko da martxan.
Batzordean parte hartzeko eta hitza hartzeko ezinbestekoa izango da bertako presidenteari bilera hasi baino lehen baimena eskatzea; gaia landu aurretik bost minutuko hitzartzea egiteko aukera izango dute biztanleek. Bilera amaitzean, erregu eta galdera txandak ireki ahalko dituzte partaideek.
Dena den, debateak sekretuak izan ahalko dira, pertsonen oinarrizko eskubideak muga izanik. Edonolako grabaketa egotekotan, eta grabaketa horrek norbaiten intimitatea kaltetzekotan, batzordeko presidenteak bertan behera utziko du kaltetutakoaren eskubideak bermatzeko.