Atzo 19:35ean ezbeharra izan zuen motor gidari batek Arespalditzako herrigunean. Ertzaintzak azaldu du Murgako bidea eta Amurrio eta Arespalditza lotzen duen errepide nagusia batzen diren puntuan izan zela, zehazki.
Poliziak adierazi du trafikoa banatzeko elementuarekin jo zuela ibilgailuaren gidariak eta lurraren aurka kolpe bortitza hartu zuela.
Bi anbulantzia bertaratu ziren ezbeharraren lekura, eta Aiarako Suhiltzaileek ere lagundu zuten gidaria artatzen. Larrialdi zerbitzuko kideek aipatu dute zauritua konorterik gabe zegoela ZIU anbulantziak ospitalera eraman zuenean. Ertzaintzak erantsi du pertsonak hanka apurtu zuela.

Motorra errepidean gelditu zen Ertzaintzak argibideak osatu arte.