Uda sasoia azpiegitura berrituarekin hasiko dute Etxaurrengo igerilekuek. Gentza Alamillo alkateak Aiaraldea Hedabideari azaldu dionez, obra amaitzen ari dira.
Koronabirusaren ondorioz, aurtengo denboraldiaren nolakotasuna erabakitzeke dute. Hala ere, neurriak ezagutu ostean zehaztuko dute planteamendua: "Martxan jarri ahal izateko, gauzak nola egin behar ditugun jakin behar dugu. Aforoak, garbiketa sistemak eta abar aztertu beharko ditugu”.
Bestalde, Luiaondoko Barrena kaleko aparkalekua ere aurki bukatuko dute, alkateak jakinarazi duenez.
Patxita Etxeari segida
Datozen inbertsioei buruz galdetuta, 2020-2021 diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuak aurreratu ditu Aiarako gobernuburuak: "Bi eskaera nagusi egin ditugu. Bata Etxaurren Ikastolako berogailu sistema aldatzea, eta bestea Luiaondoko Patxita Etxeko obren jarraipena".
Hain zuzen, erabilera anitzeko aretoa nahi dute sortu eraikinean, "ikasteko eta erabilera anitzeko aretoa izateko".
Alabaina, ebazpenaren araberakoa izango da inbertsioa. Gaur egun, osasun zentroa bakarrik dago abian Patxita Etxean, lehen solairuan, hain zuzen.