Aiarako Udalak 6.000 maskara kirurgiko banatu ditu herriko biztanleen artean. Ohar batean adierazi dutenez, posta zerbitzu arrunta baliatu dute maskarak udalerriko 1.100 etxebizitzetara ahalik eta lasterren heldu daitezen.
Modu horretan, biztanle bakoitzari bi maskara helaraziko zaie, ostegunetik beharrezkoa baita 6 urtetik gorakoek maskara erabiltzea “bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta erabilera publikoko edo jendearentzat irekita dagoen edozein espazio itxitan, baldin eta pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izan ezin bada”.
Hortaz, Gentza Alamillo alkateak adierazi duenez, udalaren helburua biztanleak COVID-19tik babestea izango da, “maskarak eskuratzen eta erabiltzea, osasun agintariek emandako gomendioei jarraituz”.