Maied Urrutia da BAFFEST argazki jaialdiko finalista

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 24a, 09:00

"Neu 30 aldiz" da argazkiaren izenburua. / Maied Urrutia

Aiaran bizi den argazkilariak lana aurkeztu zuen emakumezkoentzako BAFFEST jaialdian eta finalera heldu da. Sari banaketa maiatzean egin behar zuten, baina alarma egoeraren ondorioz, urrian ebatziko dute emaitza.

Maied Urrutia BAFFEST argazki lehiaketako 5. edizioan egoteko hautatu dute. Aiaran bizi den argazkilariak aurretik ere parte hartu du ekimenean eta duela 2 urte 20 lan onenen artean hautatu zuten berea.

Aurten, ordea, 8 finalisten artean egongo da Urrutiaren argazkia. Horren izenburua da Neu 30 aldiz eta egilearen hitzetan: “Proiektuaren helburua da adieraztea 30 urte betetzeak sortzen duen krisialdiak nola sentiarazten nauen. Horren bitartez, gazteria, nolabait, atzean uztean eta helduaroan guztiz sartzerakoan sumatzen den aldaketaren beldurra eta aldaketa horren aurreko erresistentziari buruz mintzatzen saiatu naiz, hau guztia, identitateari estu loturik dihoala”.

Hasieran, maiatzean gauzatu behar zuten ekimena, 4tik 31ra, hain zuzen. Hala ere, COVID-19a dela medio, urriaren 1etik 31ra mugitu dituzte datak. Gainerako finalistak Maria Azkarate, Leire Zabaleta, Yone Estivariz, Maria Sanchez, Eider Moreno, Miren Barrena eta Ana Martin dira. Guztira, 55 lan jaso ditu antolakuntzak.

BAFFEST jaialdiak babesten ditu beren lana ezagutzera ematen ari diren emakume argazkilariak. EAEko artistak izan behar dira eta euren lanak Barakaldon erakusten dituzte, euskarri handiak baliatuta. Irabazleak 2021ko edizioan bakarkako erakusketa izango du eta 300 euroko saria jasoko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide