LANTEGIETAKO EGOERA

Lanera itzuli dira Tubos Mecánicos Norteko langileak, greba mugagabean geldialdia eginda

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 1a, 19:27

112 egun eman dituzte greban Tubos Mecánicos Norteko langileek / Aiaraldea.eus

COVID-19aren krisia dela eta erabaki dute lanera itzultzea, egoera honetan greba eginda enpresari kaltea baino mesedea egiten diotela iritzita. 

Lanera itzuli dira gaur Tubos Mecánicos Norteko langileak, orain arte egiten zeuden greba mugagabea behin behinean geldituta. COVID-19ak sortutako egoerak bultzatu die erabaki hori hartzera. “Koronabirusaren krisia hasi baino lehen, grebak kalte nabaria egiten zion enpresari, lantegian eskaera ugari zituelako langile faltagatik aurrera ateratzen ari ez zirenak”, azaldu dute langileen ordezkariek, “orain, baina, greban egonda enpresari mesede egiten diogu, kaltea egin beharrean, eskaririk ez dagoelako”. Gauzak hala, eskariak egon arte itxarotea da langileen asmoa, gero zuzendaritzari aldarrikapenak berriz mahai gainean jarri ahal izateko.

112 egun greban
Otsailaren 10ean utzi zioten lan egiteari Tubos Mecánicos Norteko beharginek. 112 egun eman dituzte guztira borrokan. Lehen asteak fabrikaren aurrean igaro zituzten. Baina koronabirusaren krisia hasi zenean bertan zuten karpa desmuntatu eta etxera joan behar izan zuten. 

Grebalarien aldarrikapenak ez dira aldatu 112 egun hauetan zehar. “Lan baldintza duinak” eskatzen dituzte, eta soldata altuagoa aldarrikatzen dute bereziki. ELA sindikatuak salatu duenez, beharginei aplikatzen zaien hitzarmena 2008 urtetik darama berritu gabe. Tubacexena da Tubos Mecanicos Norte, baina bertako beharginek enpresa-taldearen gainontzeko lantegietakoek  baino gutxiago kobratzen dute, “lanaldia askoz luzeagoa den arren”. Horregatik, “lanaren araberako soldata eskuratzea” dute aldarri nagusi. Salatu dutenez, enpresak “banakako harremanak” sustatu ditu beti langileen artean, “banaketa sustatzeko”.  

Beharginek ziurtatu dutenez, hiru hilabete hauetan zehar ez dute erantzun positiborik jaso zuzendaritzaren partetik. “Soldatarekin ados ez bagaude enpresatik joan gaitezkeela da esan diguten gauza bakarra”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide