Noiz jakin izan zenuten koronabirusa etxean bertan zenutela?
Martxoaren 12an edo 13an, gutxi gorabehera. Emazteak Gurutzetako ospitalean lan egiten du, erizaina baita, eta nabaritu zuen ez zegoela ondo.
Osakidetzako protokoloa jarraiki, deitu zuen eta proba egin zioten. Positibo eman zuen eta hilabetea baino gehiago egon gara etxean konfinamenduan, atera gabe.
Horrek zer suposatu zuen?
Sekulako egoera. Guk bi ume ditugu, bat 3 urtekoa eta bestea 6 urtekoa eta isolamendua, zentzu horretan, ezin izan genuen modu zorrotzenean egin, positiboa duena, printzipioz, itxita egon behar baita logela batean.
"Bi ume ditugunez, ezinezkoa izan zen isolamendua modu zorrotzenean egitea"
Hala ere, logelak banatu genituen, etengabeko garbiketak egin genituen, maskara jantzita genuen etxean, eta bera prebentzio elementuekin zegoen beti.
Eskerrak eman behar diegu lagun eta senideei, eurek ekartzen baitzizkiguten behar genituen erosketak. Hori eskertzekoa da. Herrietan horrelako egoerak igarotzea askoz errezagoa da, lagunak eta familia daudelako. Guztiok ezagutzen dugu elkar.
Zenbat iraun du zuen berrogeialdiak?
Egun kopurua ez dakit zehazki, baina emazteari proba bi aldiz egin zioten. Izan ere, hobeto sentitzen ari zenean berriro deitu zuten eta proba errepikatu eta gero, positibo eman zuen berriro.
Nola uztartzen dira etxeko zaintzak eta alkatetza ardurak?
(Barre egiten du) Ni konfinatua nengoen etxean. Hortaz, zerbait gertatzekotan ezin nintzen lekura bertaratu. Egoera horri aurre egiteko Iñigo Pinedo alkateordea izan da alkatea.
Hala ere, berrogeialdian, nahiz eta bera izan alkatea ofizialki, nire telefonoa dauka jende askok, erreferentzia moduan, eta egunero egon naiz Iñigorekin elkarlanean. Halaber, oposizioko bi taldeetako bozeramaileekin hitz egin dut astean behin, zegoen informazioa partekatzeko.
Itxialdia bukatuta, zein da zuen egoera?
Gertatzen zen guztia telebistaren bidez ikusten nuen nik, ezin bainintzen etxetik atera. Kalera lehenengo aldiz atera nintzenean, Luiaondoko kaleetan inor ez ikustea sekulako irudia izan zen.
"Inor ez ikustea oso gogorra da, ezin ginen erosketak egiteko atera"
Asko baloratzen dugu orain jendearekin egotea. Hilabetea osorik eman dugu etxean inor ikusi gabe. Oro har, jendeak aukera izan du erosketak egitera ateratzeko, baina inor ez ikustea oso gogorra da. Are gehiago, umeek inorekin harremana ez izatea tarte honetan oso zaila da.
Nola azaldu zenien umeei egoera?
Ama ikusten zuten, konfinamendua ezin izan baitugu egin guztiz. Baina oso zaila izan da emaztearentzat umeei muxurik edo besarkadarik ez ematea. Baita niretzat ere, bikotea baikara.
Dena den, osasunaren aldetik, pozgarria da etxean egotea, ospitalean egon ordez. Ez du pneumoniarik izan eta hori jende askok ezin izan du bizi. Jende pilo ospitaleratu dute eta bakarrik, gainera.
Orain emaztea lanean dago? Nola itzuliko zarete normaltasunera?
Bai, emaztea itzuli da lanera. Edonola ere, ikusiko dugu nola bueltatuko garen normaltasunera eta nolakoa izango den normaltasun hori. Espero dut guztiok arduraz jokatzea, orain arte egin dugun lan guztia bertan behera ez geratzeko.
Bestalde, gure herria elkarrekin eta lagunekin egoteko toki egokia da. Espero dugu, prebentzio neurri guztiak beteta, sozializazio hori, guretzat herrietan hain garrantzitsua dena, itzultzea.
Nola eragin die umeei itxialdiak? menpekotasun gehiago garatu dute gurasoekiko?
Lan egin dugu beraiekin eta Etxaurren Ikastolak aholkuak bidali dizkigu euren autonomia galdu ez dezaten, eta euren ardurei eusteko.
Ez diegu asko nabaritu hori, baina egun batzuk pozgarriak ziren eta beste batzuetan emozionalki behera egin zuten. Gehienbat, txikiari dagokionez, harremana amarekin estuagoa baita eta. Ondorioz, muxuak edo besarkadak ez jasotzea gogorra bada, berak gehiago nabaritu du.
Dena den, zorionez, berriro gaude betiko moduan eta pozik.
Gaixotasunaren aldetik, nola sentitu da zure emaztea?
Zentzu batean, sintomak arinak izan dira, baina mingarriak. Esaterako, buruko min handiak zituen, estarria ere minduta zuen eta giharretan ere mina sentitzen zuen. 15 edo 20 egunez egon da horrela eta lo egitean nabaritzen zuen bereziki. Sorbaldako eta hanketako mina handia zen.