Ekaineko Udal Osoko Bilkuran onartu dituzte Aiarako aurtengo udal aurrekontuak. 2.220.434,53 milioi eurokoak izango dira guztira eta orain arteko “zerbitzu eta propiektu guztiak” mantentzeko balioko dute, Gentza Alamillo alkateak ziurtatu duenez.
Arabako toki-erakundeen finantzaketa-funtsetik (FOFEL) datozen diru-sarrerak 295.384,29 euro inguru jaitsi dira. Gauzak hala, altxortegiko dirua baliatuko du tokiko erakundeak. “"Aurreko urteetan egindako kudeaketak milioi erdi euro baino gehiagora (590.0000 euro zehazki) jotzeko aukera emango digu, aurten Aiaran egon daitezkeen behar guztiei aurre egiteko", azaldu du Alamillok.
Gauzak hala, alkateak ziurtatu du aurten egitekoak ziren “funtsezko proiektu guztiak” martxan jarriko direla.
Administrazio batzordeen finantziazioa, blindatuta
Administrazio batzordeen urteko finantziazioa “blindatuta” dagoela adierazi du tokiko erakundeak. Gauzak hala, batzorde bakoitzak 136.000 euro jasoko ditu guztira. “Horrez gain, administrazio batzar bakoitzak 35.000 euro jasoko ditu obra txikiak egiteko eta kontzejuen egunerokotasunari aurre egiteko. Kopuru horri beste 35.000 euro gehitu behar zaizkio, Udaletik kontzeju bakoitzera bideratzen direnak, proiektuak aurrera eramateko eta ordainsariak ordaintzeko", adierazi du Alamillok.
Diru-laguntzak
Bestelako diru partida batzuk ere barne hartzen dituzte aurrekontuek. 46.000 euro bideratuko dira Etxaurren Eskolako bi urteko gelako languntzaile baten eta psikologo baten soldatak ordaintzera. Horrez gain, 5.000 euro bideratuko dira "Emakumeak Aiarako historiaren bidez" programa garatzera, udalerriko emakume elkarteekin elkarlanean.
Enplegua sortzea izango da tokiko erakundearen lehentasunetako bat. “Administrarien eta langileen lan-poltsa sortu eta eguneratuko da”, aureratu du Alamillok; “ildo beretik, administrazio orokorreko teknikari lanpostu bat deituko da, udalaren barne lana arintzeko".
Beste aldetik, 10.000 euro baliatuko dituzte ikastolako lanak egiteko. Udal-igerilekuetako aldageletako estalkia ere eraikiko dute. Bestetik, hainbat diru-laguntza emango zaizkie udalerriko elkarteei, ASASAMi kasu.
Alamillok ziurtatu du aurrekontu horien bidez nahikoa baliabide ekonomiko egongo direla “aiaratarren bizi-kalitatea bermatzeko, haien eskaerei eraginkortasunez erantzunda eta, aldi berean, udal-zerbitzuen funtzionamendu bikaina bermatuta”.
Udal Osoko Bilkura
Aiara Batuz taldeak aurrekontuen alde bozkatu zuen. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen, aurrekontuen osaketan parte hartzea bermatu ez zela argudiatuta.
Bestelako gai batzuk ere landu ziren ekaineko udalbatzan. Koldo Mendioroz zinegotzi izendatu zuten EH Bilduren izenean, eta hauteskundeetarako mahaikideak ere hautatu ziren.
Bestetik,hainbat diru-laguntza jaso dituela jakinarazi zuen Udalak plenoan. Alde batetik, 100.000 euro jaso ditu Luiaondoko Barrena kaleko obrak egiteagatik, Leader programaren bidez. Bestetik, 51.934 euroko laguntza jaso du Ibagueneko futbol zelaiko aldagelak berritzeko. Beste bi kontu ere eman zituzten aditzera plenoan: garbiketa zerbitzuko kontratua luzatu dutela (alarma egoerak hori egitea ahalbidetzen duelako) eta zinegotziek ez dutela dietarik jasoko telelanak jarraitzen duen bitartean.