Prentsa oharra plazaratu du Aiarako EH Bilduk berriki onartu diren udal aurrekontuak direla eta. Opozisioko talde politikoa abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan, eta bere jarreraren arrazoiak azaldu ditu.
“Osasun larrialdi baten erdian gauden honetan, pertsonen egoera berriari erantzuteko tresna izan behar da udal aurrekontua, bereziki arazo ekonomikoei aurre egiteko eta egoera zaurgarrian dauden taldeei laguntzeko”, azaldu dute EH Bilduko kideek, eta nabarmendu dute hainbat proposamen aurkeztu zituztela horri begira.
Aurrekontuan sartu diren partidak
EH Bilduk proposatutako partidetako batzuk aurrekontuetan sartu dira, talde politikoko kideek nabarmendu dutenez.
Gizartean eta jarduera ekonomikoetan pandemiak izan duen eraginari aurre egiteko diru-partida bat eratzea proposatu zuten talde politikoko ordezkariek. Taldeko kideen arabera, udal gobernuak ez zuen partida hori onartu, baina “helburu bera zuen beste partida bat” sortu zuen segituan.
Bestetik, “Murgako industrialdearen birsorkuntza abian jartzeko” partida bat jartzea proposatu zuen EH Bilduk, “ poligonoak dituen behar eta gabezien inguruko azterketa batean oinarrituta, bai eta balizko konponbideak aztertuko dituena ere”. Proposamen hori aurrekontuetan txertatua izan zela nabarmendu dute talde kideek. Aurrekontuetan sartu egin dute baita Aiarako adineko pertsonen errealitate soziala aztertzeko partida baten sorrera.
Aurrekontuan sartu ez den partida
Mugikortasunari lotutako beste partida bat sortzea proposatu zuten EH Bilduko kideek, “funtsezkoa” dela iritzita. “Partida hori ez da onartu. Guk premiazko arazoa dela uste dugu eta lanean jarraituko dugu mugikortasunari erantzun berri bat emateko. Gure ustez, epe laburreko gakoa da giza-grapenari begira eta administrazioek aldaketa klimatikoaren aurrean bultzatu beharko luketen garapen jasangarri baten ikuspuntutik ere”.
Oposizioko taldearen arabera, onartu berri diren aurrekontuak aurreko urteetakoen “segida” dira. “Pasa den urteko aurrekontuen kopia dira ia, FOFELek emango ez dituen diru sarrera deskontatu eta gero”. Gauzak hala, EH Bilduko kideek uste dute udal gobernuak ez dituela kontuan hartu COVID-19ak sortuko dituen beharrak. “Gure ustez, aurrekontuen eztabaida ezin da mugatu proiektu bat aurkeztu eta horri egiten zaizkion emendakinen zain geratzera. Borondate politikoa egotekotan aukera zegoen aurrekontuen partiden birmoldaketa zabalago batean sartzeko, eta akordio zabalgoetara heltzeko”.