Udalekuak ez antolatzea leporatu dio EH Bilduk Aiarako gobernu taldeari

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 13a, 07:00
Bertan behera geratu dira udaleku asko koronabirusa dela-eta.

Aiarako Udalak umeen jarduerarik ez antolatzea eta erabaki hori oposizioko eragileekin ez kontrastatzea kritikatu du EH Bilduk, prentsa ohar baten bidez.

"Aldebakarreko erabakia izan da udal gobernuak herri koloniak ez antolatzea". Hala nabarmendu du Aiarako EH Bilduk prentsa oharrean. "Familien ezinegona eragin du erabakiak, jakin dugunez", erantsi dute. Aiara Batuz eta EH Bilduk ez dute udako jardueren inguruko informaziorik jaso, "eta ez-ohiko uda honetan txikienentzat jarduerak jartzeko beharra azaldu genuen, lan eta familia bizitzak uztartzeko batik bat". Gobernu taldeak eskaera zail ikusi zuen, antolakuntzak ibilgailua erabili beharra suposatuko lukeelako. EH Bilduren iritziz, egunerokotasunean oso errotuta dago mugikortasuna Aiaran, "eta udalekuen eskaintzak funtsezko zerbitzuak dira familia askorentzat kontziliazio eta sozializazio ikuspegietatik. Are, datorren ikasturtea aurrekoekiko ezberdina izango denean". EH Bilduren ustez, haurrentzat onura asko dituzte udalekuek, pandemiak eragindako egoeren ondorioz. 

Horregatik, aurreikuspen falta leporatu diote gobernu taldeari: "Ziurrenik hori izan da udalekuen zerbitzua kontratatzea eragotzi duena, baina beste behin ere oposizioarekin kontatu gabe hartu dute erabakia, eta hau gehiegi errepikatzen den sekuentzia da. 7 zinegotzi izanik, EAJk bermatua du bere borondatea, baina funtzionamendu demokratikoak bestelako gai batzuk mahaigainean jartzea dakar, eta beste indarrekin kontrastatu beharra. Bestela galtzen ateratzen direnak, kasu honetan bezala, Aiarako familiak dira".

Gobernu taldearen erantzuna

Gentza Alamillo alkateak gobernu taldearen jarrera berretsi du, Aiaraldea Komunikabideari eginiko adierazpenetan: "Hausnarketa egin eta gero hartu genuen erabakia". Jeltzaleen aburuz, jende kopurua eta espazio falta ere izango lirateke arazo, jarduerak antolatuko balira: "Aiara osoan sakabanatuta izan beharko genituzke haurrak bestela. Aspaldi horrela egiten zen, baina Luiaondon eta Arespalditzan zentratu genituen udalekuak gerora, jendeak hala eskatuta". Horrez gain, eguraldia medio ekintza batzuk lokal barruan gauzatu beharra ere oztopotzat jo dute: "Ez ginateke gai izango jendearen eskaerari aurre egiteko. Laudioko Tenis Udalekuetan eta beste toki batzuetan zer gertatu den ikusita, erabaki ona izan dela uste dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide