Jose Antonio eta Arkaitz Calavia -aita eta semea- herriz herri ibili ziren Aiaran larunbatean. Guztira, udalerria osatzen duten 23 Administrazio Batzarrak zeharkatu zituzten oinez. Horretarako 13 ordu behar izan zituzten, eta 62 kilometro eta 1.800 metroko desnibela bete zuten. "Elizaz eliza, tradizioak agintzen duen bezala", adierazi dute.
Jose Antonio eta Arkaitzen familia proiektuaren helburua, hain zuzen, senideen erroak omentzea zen. "Amaren familia aiararra da, aitite Salmantongoa eta amama Maroñokoa. Beste senide asko ere Aiarako herrietan bizi dira. Hori izan da proiektu txiki hau burutzeko arrazoi edo motibaziorik nagusiena: familia horren sustrai eta lur horiengandik gertuago sentitzeko irrika" azaldu du Arkaitz Calaviak.
Edonork egiteko ibilbidea osatu dute Aiarako 23 administrazio batzarrak zeharkatuta Arkaitz eta Jose Antonio Calavia aita semeek
Gazteak argitu du izan dituztela bestelako xedeak ere: "Beste motibazio bi izan dira aitarekin esperientzia berezi hori partekatzeko aukera izatea eta etorkizunean edonork gauzatzeko ibilbide aiarar berezia sortzea, ibilbide sinbolikoa oso -Aiara gure lurra da-, edo behintzat, hori egin daitekeela edo interesgarria edo polita izan daitekeela jendeari erakustea. Izan ere, guk dakigula behintzat, orain arte gure zonaldean inork ez du horrelako ibilbiderik egin".
Argazkiak: Arkaitz Calavia