Babioko indusketa kanpaina berriarekin batera bisita gidatua eskainiko dute abuztuaren 8an

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 3a, 07:00
Aurten ere Aranzadi elkarteak egingo ditu indusketak Babion. / J. O.

Abuztuaren 3tik 15era bitartean egingo dituzte indusketak Babioko Burdin Aroko herrixkako zenbait elementu azaleratzeko. COVID-19aren kontrako neurriak hartuko badituzte ere, abuztuaren 8an bisita eskainiko dute.

Aranzadi Elkartea abuztuan Babioko tontorrean arituko da indusketa lanak egiten. Bigarren kanpaina izango da, iaz 5 urteko proiektua abiatu eta gero.

Iaz bezala, indar ugari bilduko dituzte Burdin Aroko herrixkako harresian, bere babes sistema ezagutzeko, baina etxebizitzen esparruan ere ikertuko dute. Horrez gain, 3 lagin hartuko dituzte: gune harresituan, harresiaren barruko aldean eta, azkenik, kanpoko partean.

Nekropolia

Jon Obaldia proiektuaren arduradunak adierazi du aurtengo lanetan ahalegina egingo dutela herriaren nekropolia topatzeko: "Iaz arakatu genuen Frantsesen Koba, baina ez osorik, eta ez genuen ezer topatu. Edonola ere, ez dugu baztertzen han egotea nekropolia".

Obaldiak azpimarratu du Burdin Aroko herriak ez direla ohikoak EAEn eta soilik Araban topatu direla zenbait nekropoli, gehiegi ikertuez direnak.

Bisita gidatua

COVID-19 birusaren ondorioz, hainbat neurri hartu behar izan dituzte: muxukoa erabili, distantziak mantendu eta lan taldea murriztu. Iaz 10 ziren eta aurten 6 edo 7 elkartuko dira, gehienez. Horrez gain, Etxaurren Ikastola -lo egiteko baliatuko dute- eta Izoriako Administrazio Batzarraren txokoa -laborategi lanak han egingo dituzte- garbitu eta desinfektatuko dituzte.

Hala eta guztiz ere, uda honetan ere bisita gidatua eskainiko dute. Abuztuaren 8an izango da hitzordua, 11:00etan, Babioko tontorrean bertan.

Jon Obaldiak gogoratu du ikerketak aurrera egingo duela Aiarako Udalaren diru-laguntzari esker eta, bide batez, Aztarna elkartearen babesa ere goraipatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide