Aiaraldeko historiaren gotorleku nagusienetako bat da Kexaako monumentu-multzoa. Amurriotik Artziniegara doan C-624 errepidea hartu behar da bertara iristeko, Arespalditza parean bidearen ezker aldera joz. Eraikinetara iristeko bide estu bat hartu eta zubi bat igaro behar da.
Hainbat eraikinek osatzen dute monumentu-multzoa: Adatsaren Ama Birjinaren dorre-kapera, San Joan Bataiatzailea elizak eta Aiaratarren Jauregi Gotortuak. Azken hori XIV. mendean eraiki zuen Fernan Perez de Aialak eta gaur egun Arte Sakratuko museoa dago bertan.
Eskualdeko historiari lotutako hainbat harribitixi topatu daitezke gunean. Dorre-kaperaren beheko solairuan, adibidez, Aiarako Jauntxoen hilobia dago, eta bertan zegoen erretaula gotikoaren kopia ere ikusi daiteke. XX. mendearen hasieran saldu zuten artelan hori, eta 1928. urtetik aurrera Chicagoko Arte Institutuan dago. Zoritxarrez, ez da faltan dagoen pieza bakarra, duela bi urte santutegiko kanpaiak lapurtu zituzten eta.
Arte Sakroko Museoa ere ikusgarria da. Aiarako Jauntxoen historiari eta antzinako Domingotarren komentuko amei lotutako kuadroak eta bestelako piezak ikusi daitezke bertan, horietako batzuk 600 urte baino gehiagokoak.
Bisitak doakoak dira, baina aurretik hitzartu behar dira 945 39 92 64 telefonora deituta.