“Garai hartan ur-gabezia zegoen eskualdean, Laudion batez ere. Lehorte latzak zeuden. Horregatik eraiki zen urtegia, eskualdeko ur-sarea hornitzeko". Hala azaldu du Enrique Arberasek. Maroñori buruzko liburua argitaratu zuen biologo amurrioarrak duela hiru urte, urtegiaren inaugurazioaren 25. urteurrenean.
Eraikin urperatuak
Eraikin gutxi zeuden urtegia eraiki zen tokian. “Eskolak zeuden, adibidez. Eraikin horiek guda zibilaren ostean eraiki ziren, nahiko berriak ziren. Bazeuden baita hainbat ur-errota ere, eta baita garaje moduan erabiltzen ziren etxola batzuk”, oroitu du Arberasek. Hala ere, eraikin guztiak urtegia urez bete baino lehen eraitsi zirela gaineratu du amurrioarrak. “Beraz, ez da egia ur-maila jaisten denean eraikinak ikusi daitezkeela, hori mito bat da”, ziurtatu du. Hala ere, Aginigara doan zatian zubi baten eta haritza baten arrastoak ikusi daitezkeela aipatu du biologoak, “udan zuhaitzaren muturretako adarrak ikusi daitezke”.
Bioaniztasuna
Paisaia soilik ez, Maroñoko natura ere goitik behera aldatu zuen urtegiaren eraikuntzak. "Beste habitat bat sortu zen bat-batean: ur-ekosistema bat". Gaur egun, zonalde hori da eskualdean bioaniztasun handienetakoa duena, Arberasen hitzetan. “Horrenbeste ur egoteak hegazti andana erakarri zuen. Udaberrian, udan eta udazkenean migrazioan dabiltzan hegazti ugari bertaratzen dira Maroñora. 56 espezie ezberdin zenbatu zituen Arberasek bere liburuan, “horietako batzuk nahiko arraroak, arrano arrantzalea kasu”.
Landareen aldetik ere oparoa da dagoen aniztasuna. “Asko aldatu da landareria, urtegiaren ertzeetan batez ere. Baso txikiak eta zuhaitzak ugaritu dira. Ur-lore eta landareak ere agertu dira. Ia 400 lore espezie identifikatu ditugu, haragijale txiki eta tximeleta ugari ere topatu ditugu. Harrigarria da dagoen aberastasuna”, azaldu du biologoak.
Arrainei dagokionez, ordea, aberastasuna ez da horren handia, gaur egun espezie inbaditzaileak direlako nagusi, zientzialari amurrioarraren ustez. “Karpak, perka europarrak eta luzioak dira hedatuenak, amuarrainak eta aingirak ere badauden arren”.
Zaintzeko beharra
Hala ere, bioaniztasun hori arriskuan dagoela ohartarazi du Arberasek. “Orain, udan, jende andana bertaratzen da urtegira eguna pasatzera, eta zabor asko pilatzen da, ez dago inolako kontrolik”.
Horrez gain, horrenbeste jende egoteak bertako animalien egunerokoa aztoratzen duela uste du biologoak. "Konfinamenduan hori oso argi ikusi da: jenderik ez zegoenez animalia askoz gehiago topatu ahal ziren".
Gauzak hala, ingurunea zaindu eta babesteko beharra nabarmendu du, gaur egun duen itxura eta garrantzia mantendu ditzan.
DATUAK
ERAIKUNTZA: 1989. urtean hasi ziren urtegia eraikitzen. 1990ean amaitu zuten eta handik bi urtera izan zen inaugurazioa
ARRO HIDROGRAFIKOAREN ZABALERA: 23 km2
URTEGIAREN ALTUERA: 53 metro
NOLA IRITSI: Arespalditzara bidean, Murgako poligonora iristean, ezkerrera biratu behar da, Izoriako norantzan