Gabriel Ibañez artziniegarrak 3. postua lortu zuen Legarian lehiatutako lasterketan. Euskal Herriko, Aragoi eta Kataluniako kirolari ugariren presentziaren ondorioz, antolatzaileek taldeen aukerak mugatu zituzten eta bakoitzak 3 txirrindulari besterik ezin izan zituen inskribatu.
Hala ere, 103 kirolari abiatu ziren eta bakarrik 65k bukatu zuten proba. Aiarako taldeak Gaizka Garay, Jon Conejero eta Gabriel Ibañez jarri zituen errepidean eta hirurek amaitu zuten lasterketa. Berez, hori emaitza ona zen eta elkarte gutxik lortu zuten, baina Gabriel Ibañez, gainera, podiumean egon zen, 3. sailkatu baitzen.
Taldeak baloratu du urrats ona izan zela atzokoa, ikasten jarraitzeko eta hurrengo igandean Opakuan lehiatzeko. Izan ere, Legariakoa 2020. urteko denboraldiko bigarren lasterketa izan da.