Larunbatean 11:00ak aldera Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek bisita gidatua eskaini zuten Babion. Izan ere, abuztual 15 arte han egongo dira lanean. Jon Obaldia Aranzadiko kideak adierazi duenez, 70 herritarrek baino gehiagok jo zutenez indusketa gunera, 3 taldetan banatu zituzten bisitariak, prebentzio neurriak bermatzeko. Horietako bitan gaztelerazko azalpenak eman zituzten, eta beste batean euskaraz.
Gauzak horrela, 1. indusketa eremuan hasi zuten ibilbidea, han lanean ari ziren bitartean. Gero kanpoko harresiaren ebakidurara hurbildu ziren eta defentsa sistemari buruzko azalpenak eman zituzten. Bigarren harresian ere egon ziren eta, gainera, egiten ari diren laginak erakutsi zituzten. Lan horiek nola eta zertarako egiten ari diren ere argitu zuten.
Azkenik, tontorrera igo ziren, "bisitariek ulertzeko zergatik eraiki zen han herrixka eta zer nolako kontrol geoestrategikoa ematen zuten tokiak", erantsi du Aranzadiko kideak.
Argazkiak: Jon Obaldia