Euskara izango da nagusi Aiarako kultura eskaintzan asteburuan: Laburbira, bakarrizketak eta Igande Arratsaldeak Familian

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 14a, 09:25
Nerea Arriola umoregileak "Txor txor" ikuskizunean parte hartuko du. / Goiena.eus

Zinema, umorea eta umeentzako jarduerak antolatu dituzte Aiaran asteburuan. Ekintza guztiak euskaraz izango dira.

Hogeitalau Elkarteak eta Aiarako Udalak euskarazko kultura ekintzak prestatu dituzte ostiral, larunbat eta iganderako. Guztiak izango dira Arespalditzan.

Lehenengo hitzordua Laburbira izango da. Ekimena udaberrian gauzatu behar zen, baina pandemiaren ondorioz, ostiralean egingo da. Zehazki 19:30ean hasiko da, Aiarako Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Euskaltzaleen Topaguneak sustatzen du egitasmoa eta euskaraz sortzen diren film labur sorta proiektatzen dituzte. Emanaldiaren ostean pelikulen zuzendari batek hartuko du hitza publikoarekin solasteko.

Umorea

Larunbatean barreen txanda helduko da. Izan ere, "Txor-txor" bakarrizketa saioak hartuko du berriro erabilera anitzeko aretoa, 18:30ean. Umoregile gonbidatuak Nerea Arriola, Xabier Artieda eta Beatriz Egizabal izango dira. Besteak beste, euskaldunek euren egunerokoan dituzten zailtasunei erreparatuko diete, irribarrea eragiteko.

 

Umeentzako ikuskizuna

Azkenik, Igande Arratsaldeak Familian ekimenaren edizio berriak Arespalditzako elizara eramango ditu haurrak eta gurasoak. Bertan "Ipuinak Dantzan" ikuskizuna partekatuko du Ane Apikak. Ez da bera bakarrik arituko, ordea. Izan ere, musikari batek girotuko ditu kontakizunak.

Horren ondoren eskulan tailerra egingo da; eta, azkenik, eramateko askaria egongo da. Orain arte, otordua elkarrekin gozatzen zuten umeek, baina pandemia dela eta, eredua aldatu dute antolatzaileek, prebentzio neurriak betetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide