Goiz osoko egitaraua prestatu du gaur Aiaraldeko Gure Esku Dago plataformak. Lehen orduan Gorobelera igo dira kide batzuk, eta beranduago beste proposamen bat eskaini dute; Aiaratik kultura ibilbidea.
Bi ekintza horien ostean, 13:00etan, Oletako zelaietan topaketa egin dute, eta Zelai Nikolasek eta Josu Etxaburuk hartu dute hitza plataformaren nondik norakoak azaltzeko. Izan ere, pandemiaren ondorioz jarduera eten eta gero, Gure Esku Dago indarrak berrituta itzuli da oholtza politikora.
Gauzak horrela, erabakitzeko eskubidea arautuko duen legea onartzeko sinadura bilketa abiatu dute aurreratu dutenez, Eusko Legebiltzarrera bideratuko dutena. Ekimenaren azken helburua erreferenduma legearen barruan egiteko aukera da, "Quebec edo Eskozian bezala", argitu du Etxaburuk.
Bide hori osatzeko, Zelai Nikolasek azpimarratu du indar politiko eta sozialak metatzeko ahalegina egin behar dela. Hargatik jarri dute abian "Hamaika gara" kanpaina, jadanik sinatu daitekeena hemen.
Kultura erdigunean
Erronka politiko hori ez ezik, kulturari buruzko hausnarketa hasi nahi du Gure Esku Dagok. "Kulturak zein eginkizun izan behar duen gizartean eztabaidatuko dugu", adierazi du Josu Etxaburuk.
Horren lehenengo urratsa urriaren 31n egingo dute, arratsaldeko 18.00etan Durangoko Plateruena aretoan antolatutako kultura emankizunarekin. Ekitaldia Amancay Gaztañagak zuzenduko du; eta, besteak beste, Erika Olaizolak, Iraia Eliasek, Laura Penagosek, Amets Arzallusek, Eñaut Elorrietak eta Duplak hartuko dute parte.
Eskualdeari dagokionez, Laudion Kasinoan eskainiko dute streaming bidez, eta Amurrion Katekesi Aretoan.
Argazkiak: Aitor Aspuru, Jose Mari Gutierrez