13:00etan izan da istripua, Luiaondoko mendi bideetan. Zehazki, San Lorentzo inguruan zebiltzan oinez zaurituak izandako bi lagunak. Ertzaintzaren esanetan, motozikleta batek harrapatu ditu ibiltariak, eta larrialdi zerbitzuak bertaratu behar izan dira.
Lurra medio, ez da oso eremu irisgarrian gertatu ezbeharra. Hori dela eta, helikopteroz erreskatatu behar izan dituzte zauritutako bi bizilagunak.
Hala, Galdakaoko erietxera eraman dituzte helikopteroan. Gidariak, ordea, ihes egin du.
Gidariak ihes
Ertzaintzak prentsa oharra zabaldu du, gertakariaren berri emateko. "Eguerdiko 13:00ak aldera Enduro motozikletan zihoan pertsona batek 2 lagun harrapatu ditu San Lorentzo inguruko baso pista batean", adierazi dute.
"Gidariak ihes egin du istripua eragin ostean", erantsi dute. "Antza, gidariak laguntza bila zihoala esan die zaurituei, baina ez da eremura itzuli".
Erantzulea bilatze aldera, herritarren laguntza eskatu du poliziak: "Informazioa duen orok 112 telefonoaren bidez kontaktatu dezake".