Torrelavega (Kantabria) izan zuten atzo geltoki Aiarako Txirrindulari Elkarteko gazteek, ziklokross txapelketa egin baitzen bertan. "Nahiz eta eskola kirolen praktika EAEn debekatuta egon, Eusko Jaurlaritzak kanpora joateko baimena eman digu, orain gutxienez", adierazi du elkarteak sare sozialetan.
Ilusioz joan ziren lasterketara, aitortu dutenez. Izan ere, urtarrilaren 8an Torrelavegan (Kantabrian) jokatuko da Espainiako txapelketa, "eta gure helburua gozatzea eta ikastea bakarrik zen".
Eguraldia medio, kaskarra izan zen zirkuituaren egoera. "Erabateko lokatza, baina behintzat gaztetxoek aritzeko aukera izan dute, denboraldia zurian ez geratzeko" adierazi dute elkarteko kideek.
Egindako lanaren balorazioari dagokionez, Hodei goraipatu du taldeak, bere lehenbiziko aldia baitzen. "Xabier eta Erlantz eskutik helduta helmugaratu dira, eta irudi polita utzi digute. Ikasten jarraituko dugu".