AMAIA DIEZ MUGURUZA, ANE LETONA JIMENEZ ETA ESTIBALIZ ARNAIZ GOMEZ

“Lehen momentuetan beldurra izan zen sentsazio nagusia, egoera berriari nola aurre egin ez genekielako”

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 19a, 11:00

Edadetuekin egiten dute lan Amaia Diez Muguruzak, Ane Letona Jimenezek eta Estibaliz Arnaiz Gomezek. / Aiaraldea.eus

Edadetuekin egiten dute lan AMAIA DIEZ MUGURUZA medikuak, ANE LETONA JIMENEZ gizarte langileak eta ESTIBALIZ ARNAIZ GOMEZ erizainak Arespalditzako zentroan. Pandemiaren olatuek utzitako kolpe eta hondar aleez mintzatu dira.

Zelan bizi izan da koronabirusa edadetuen artean?

Amaia Diez: Hasierako momentuak oso gogorrak izan ziren, ezjakintasunagatik batez ere. Ez genekien zer nolako birusa zen, nola eragiten zuen, zein sintomekin egon behar ginen adi…

Ezjakintasun handiko momentuak izan ziren. Jasotzen genuen informazioa baliatuta, egoerara moldatu genuen nagusien egoitza. Gure kasuan, bi solairutan daude antolatuta logelak, nahiz eta bizitza edo denbora gehien beheko gunean igaro. Lehen momentuetan beldurra izan zen sentsazio nagusia, baina egoera berriari nola aurre egin ez genekielako.

Ane Letona: Horrez gain familien tentsio edo presioa genuen, eurek ere erantzunak behar zituztelako: zer gertatzen ari zen jakin, nolako funtzionamendua eragingo zuen COVID-19ak… Horrek langileei sekulako tentsio eta presioa sortu zigun.

A.D: Galdera asko, gainera, ez genekien zelan erantzun, eta eurek zalantzak zituzten. Guk, nahiz eta kezkak ulertu, informazio gabezia genuen. Osasun ikuspegitik euren beharretara egokitu behar izan ginen, eta psikologikoki sekulako lana egin da edadetuekin. Isolamenduak egoera larriak ekarri ditu: logelan egon beharra, behar kognitiboei ezin erantzutea, familiekin kudeatzea…

A.L: Senideei, gure kasuan, egunero 3 parte bidaltzen genizkien, eta horrez gain bideodeiak egiten genituen egunero, goizez eta arratsaldez.  Modu horretan ikuspegi edo egoera sozial, psikologiko eta emozionalaren berri zeukaten; eta jardueren berri ematen genien. Amaiak, osasunari buruzko informazioa ematen zien.

A.D: Osasun ikuspegitik tratamendu guztiak indibidualizatu behar izan dira, dietak eta ariketa fisikoa moldatu… Bakoitzak egoera honi ahalik eta hobekien aurre egiteko gure lan sistema guztia aldatu genuen. Jendearen errotazioa ahalik eta murritzena izateko 12 orduko txandak egitera ere iritsi ginen.

 “12 orduko txandak egitera ere iritsi ginen, jendearen errotazioa ahalik eta murritzena izateko”

Estibaliz Arnaiz: Azkenean hemen bizi ginen denok. Elkarrekin jaten genuen ere, lo egitea baino ez zen falta. Gure artean sekulako konfiantza sortu zen. EPIekin eta egun osoz lan egitea oso deserosoa izan da; gero, gainera, kalera joan eta jendea maskararik eta distantzia neurririk gabe ikusteko. Guk pertsonen alde egiten dugu lan, baina ematen du jendeari berdin zaiola. 

A.D: Hala ere, guzti honetatik talde izaera edo sentimendua izan da lorpenik handiena. Banaka ezinezkoa da, taldean bai. Martxoa-apirilean egondako lehen olatuan 11 kasu izan genituen gure egoitzan, eta hildako bat. Geroztik, langile edo egoiliarren artean ez da egon kasurik. 

Lehen olatuan 11 kasu izan zenituzten nagusien egoitzan. Zer eragin zuen horrek langile, egoiliar eta senideentzat?

A.D: Erabakiak oso azkarrak izan zirela gogoan dut. Orain, automatikoki oso protokolizatua dago, baina lehen ez zen hori gertatzen. Oso murritzak ziren baliabideak, gainera. Gaur egun, maskarak, eskularruak eta abar erraz lortu daitezke. Garai hartan -duela urtebete- desinfektatu eta berrerabili egiten genituen.

A.L: Denetarik eskaintzen ziguten familiek, ordea. “Ez dakit zenbat mantal ditudan!”, esaten ziguten. Guk dena eskertu eta jasotzen genuen.

E.A: 3D inprimagailuekin eginiko maskara edo pantailak ere ekarri zizkiguten boluntarioki! Baliabide eza gurean ere nabaritu zen. 

Osasun krisiari aurre egiteko baliabide falta salatu zen hainbatetan. Zuen kasuan ere agerikoa izan da gabezia?

A.D: Osasun-zentroa izanik,azkenak izan ginen; eta sentsazioa zen gutaz ahaztu zirela. Eskerrak gure enpresak langile eta egoiliarrentzat PCR eta test pribatuak sustatu zituela hasieratik. Gasteizera bidaiak egin ditugu osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko, hasieratik…  Ahalegin handia egin da zentzu horretan edadetuen ongizatea zein gurea bermatzeko. 

E.A: Osakidetzak, une hartan, ez zuen frogarik egiten. Test pribatu horien bidez jakin genuen brotea genuela, inmunizazaio maila ezagutzeko antigorputz testak erosi genituen eta. 

A.L: Telebistan agertutako albisteek, gainera, ez ziguten lana batere erraztu. Familiek egoitzara deitzen zuten beste toki batzuetako egoerarekin konparatuz. Horrek ere ez zigun inola ere lagundu. 

Edadetuek -zuen egoitzan- nola bizi izan zuten positiboak agertu ziren unea?

A.D: Guk uste baino hobeto, oso ondo moldatu dira. Oso erraz jarri dizkigute gauzak: inor ez zen etorri kexaka bakoitza bere logelan bakarrik egon behar zela esan genuenean. 

A.L: Goiz bakarrean 11-12 logela aldatu genituela gogoan dut, eta  izugarri ona izan zen euren erantzuna. Izan ere, positiboen eta kutsatu gabeen guneak bereizi izan behar genituen, eta egoerara bikain moldatu ziren. 

A.D: Batzuek 2-3 logela aldaketa izan dituzte. “Hau noiz amaituko da? Nola dago egoera?” , askotan galdetu izan digute, baina esperantzaz bizi dute, “bizi izan duguna eta gero, pasako da hau ere…”. 

A.L: Positiboak ez genituenean paseatzeari ekin genion berriro, lorategiei esker. Horrek bizitza piztu zien. Bideoak grabatzen genizkien kalean, familiekin bideo-deiak zituzten… Guztientzako argia izan zen hori.

Konfinamendua igarota, nagusiak elkartzeko aukera indar dosia izango zen, edo?

E.A: Positiboak eta ez kutsatuak guk bereizi behar izan genituenean, edadetuek kezka edo larritasunez bizi zuten. "Badago kasurik hemen? Nola daude?" galdetzen zuten, kezkatuta. Positiboak sendatzean, elkar ikusi zuten eguna oso-oso polita eta berezia izan zen.

A.L: Ileak puntan jartzen zaizkit pentsatzen dudanean: a zer besarkadak! Ikutu nahian baina ezinean zeuden, eta oso polita izan zen. Oso momentu txarrak bizi izan ditugu, baina baita oso politak ere. Talde lan sentsazioa izugarria izan da: garbiketa zerbitzutik hasita, sukaldeko langile, gizarte hezitzaile edo medikuetara. 

A.D: Bizi kalitatean espazioak ere asko laguntzen du. Arespalditzako zentroan 38 langile eta egoiliar daude -espezialista bat buruko- eta langileriaren %98 finkoa da. Tokiko produktuekin osatzen dira gainera menu guztiak, eta bertako baratzetik ateratzen dira zenbait jaki. Horrek ere asko eragiten du, nutrizioa oso garrantzitsua da ere.

Talde burbuilak egin behar izan dituzue zuek ere, ezta?

A.L: 6 laguneko egoiliar multzoak egin izan ditugu, pandemia garaian euren arteko harremanak eta hizketaldiak mantentzeko. Kalean arnasteko aukerak -egoitzan bertan bada ere- sekulako indarra eman die: ibilalditxoak, baratza lantzea, ekitaldiak…

A.D: Kognitiboki gorputzak makaldu egiten dira adinean gora, eta COVID-19arekin zer esanik ez. 
Urtebete da pandemia hasi zela. Zeintzuk izan dira une gogorrenak?

A.L: Hasierako asteak, eta brotea egon zenean. Logeletan itxialdia burutu behar izan genuenean -eta etxealdia- ere oso gogorra izan zen, baita familientzat ere. Egunero egiten genituen bideo-deiak, eta horrek asko lagundu du. Izugarria izan zen.

A.D: Onerako zein txarrerako oso gardenak gara hemen, informazio zuzena eta eguneratua eman genuen egunean hirutan, beharren arabera. Bizitzako azken momentuetan zeuden edadetuei ere agurtzeko aukera eman diegu, agurra bermatzen eta duintasuna mantentzen saiatu gara.

E.A: Beste egoitza batzuetan COVID-19a zutenak ospitalera edo beste toki batzuetara mugitzen zituzten, eta hori ere oso gogorra izan da. Aiaran ez da inor atera behar izan, Osakidetzakoek bazekiten zein egoeretan zegoen nagusi bakoitza. 

Edadetuengan zer nolako ondorioak utzi ditu gorputzetan eta buru osasunean COVID-19ak?

A.D: Gabezia asko nabaritu ditugu: muskuluak mugitzeko zailtasunak, burua, isolamendua…

A.L: Desorientazioa ere izugarria da, esnatzean ez dakite goiza edo arratsaldea den, edota asteko egunak ez dituzte kontrolatzen. 

Desorientazioa asko areagotu da koronabirusaren ondorioz. Logeletan itxita egon dira, eta ordu asko igaro dituzte bakarrik, inorekin hitz egin gabe. Gainera, telebista piztekotan, ez zuen batere laguntzen: berri guztiak agerraldiei edo hildakoei buruzkoak ziren. 

Hildako bat ere izan zenuten zuen egoitzan. 

A.L: Oso gogorra eta intentsoa izan zen guretzat ere. Oso nekatuta eta alertan geunden, uneoro -etxera joaten ere- telefonoari adi eta galdezka. Lanerako bizi ginen. 

E.A: Gure beldurrak ere agertu ziren hor, gure buruaz gain gure hurbilekoak zaindu eta sozialki gure bizitzak mugatzeko beharra.

A.D: Gure egoera ere zaila izan da: alaba-semeak, guraso nagusiak, bikotekideak… zaindu behar izan ditugu, eta gure buruak babestu. Egoera pertsonala, guretzat ere, zaila izan da.

Edadetuen zaurgarritasuna hasieratik egon da fokupean. Hedabideek beldurra elikatu dutela uste duzue?

A.D: Bai, dudarik gabe. Hedabideetako albisteek min handia egin dute. Prentsan ateratako berriak eta egoerak guk horrela ez ditugu bizi izan.

A.L: Familiengan sekulako mesfidantza eragin dute notiziek, eta gurekiko mesfidantza ere bai. Guri ez zaigu horrelakorik inoiz gertatu. Sekulako karga sentitu dugu. Oso gogorra da mesfindantza sentitzea senideen aldetik, eta koronabirusak hori ekarri du. Gu oso pozik etortzen gara lanera, neurri guztiak -eta gehiago- hartuta, eta senideek kezka ikuspegitik zenbait galdera egitea latza izan da guretzat.

A.D: Gure lanagatik ardura asko hartu behar izan ditugu, gure kanpoko ekintzek eragina dute nagusienengan, eurekin lan egiten baitugu. Horregatik, hasiera-hasieratik asko murriztu dugu gure bizitza pertsonala. Oso baldintzatuta egon gara. Errealitate hori ez da kanpotik ikusten, baina kontatu beharrekoa da.

E.A: Gure bizitzak nagusien egoitzan lan egiteagatik asko moldatu ditugu, ni askotan haserretu naiz. Barakaldon bizi naiz, eta deseskalada fasean kaleak jendez gainezka ikusten nituen, maskararik gabe, taldeetan eta edaten… Batzuek horrenbeste egitea, eta besteek hain gutxi, oso frustragarria da. 

Txertaketa fasea ere bizi izan duzue. Nolako prozesua izan da?

A.D: Lehendabizikoak izan ginen, Galdakaoko erietxearekin koordinatuta antolatu dugu dena. Egoiliar guztiak txertatuta daude, eta albo-ondorioak esperotakoak izan dira: besoko mina, makal sentitzea biharamunean… Baina pozik gaude, ez da aparteko gorabeherarik egon.

Aurrerantzean zer?

A.L: Ekintzak antolatzera, ahal dela. Guk ekainean hasi genituen talde txikietako jarduerak, eta horrek asko laguntzen du: hilean behin bi musikari etortzen dira, baratzeko tailerrekin ere hasi gara, eskulanak, gimnasia, estimulazio kognitiboa… 

A.D: Gauza asko ikasi ditugu. Espero dugu berriro ere horrelako egoerarik ez bizitzea. Aurrera begiratu behar dugu, baina baikortasunez. Pertsonak eta talde lana izan behar dira garrantzitsuena orain.

E.A: Orain jada prest gaude egoera honi aurre egiteko. Nik guztiei arduraz jokatzeko eskatuko nieke. Beti esaten da gazteek gaizki egiten dutela, baina denon ardura da birus honekin amaitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide