San Prudentzio Jaiak ospatuko ditu Aiarak, baina prebentzio neurriak oinarri hartuta

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 9a, 09:15
Aurten ere sanprudentzioak ez dira ohiko moduan ospatuko. / Aiaraldea.eus

Adin guztiak izan dituzte hizpide egitaraua osatzeko orduan, baina bereziki erreparatu diete umeei. Gauzak horrela, dantza saioak, tailerrak eta zinema emanaldia antolatu ditu Aiarako Udalak, besteak beste.

Iaz San Prudentzio Jaiak balkoietatik edo etxetik ospatu zituzten Aiarako herritarrek. Aurten eredua ez da bera izango baina, pandemiaren ondorioz, salbuespeneko egitaraua prestatu du tokiko erakundeak. Udalak jende oro hartu du aintzat, baina haurrek eta gazteek protagonismo berezia izango dute.

Esaterako, marrazki lehiaketa egongo da eta 4 kategoria egongo dira: 2 ta 5 urte bitartekoa, 6 eta 8 urte bitartekoa, 9 eta 12 urte bitartekoa eta 12 urtetik gorakoena. Parte hartu nahi dutenek bere lanaren argazkia bidali beharko dute aiarakojaiak@aiarakoudala.eus helbidera. Obrak "Nola ospa ditzakegu aurten gure herriko jaiak?" leloa jaso behar du eta bidaltzeko epea apirilaren 20an amaituko da. Maila bakoitzeko 50 eta 40 euroko sariak banatuko dituzte.

Gazteenak ere izango dira apirilaren 28an egingo diren tailerren publikoa. 11:00etan izango dira Arespalditzan, Luiaondon, Lantenon eta Izorian. Izena emateko udaletxera deitu beharra dago (945 39 90 13). Parte hartzaileei eskatuko diete zuriz jantzita joatea, saioen ardatza sanprudentzioak izango baitira. Egun berean 19:00etan filma proiektatuko dute Luiaondon adin guztietako ikusleentzat.

Kirolari dagokionez, kadete kategoriako txirrindulari gazteek apirilaren 25ean hartuko dituzte Arespalditzako kaleak eta errepidea 09:30etatik aurrera. San Prudentzio Sariaren XL. edizioa izango da eta Euskadiko Txapelketaren barruan lehiatuko da.

Dantzak

Edonola ere, Aiarako Udalak bi hitzordu aurreikusi ditu jendea batzeko, segurtasun distantziak bermatuta, hori bai. Horretarako, ilaran egiten diren dantzen bi saio deitu ditu; apirilaren 16an eta 23an, biak 18:00etan. Arespalditzako pista estalian egingo dira eta interesdunek izena eman beharko dute aurretik 945 39 90 13 telefonora deituta.

Dantza mota horretan ilara paraleloak osatzen dituzte parte hartzaileek eta begirale batek proposatzen dituen mugimenduak eta urratsak egiten dituzte, euren arteko distantzia mantenduta eta elkar ukitu gabe betiere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide