Lantenoko eskolen eraikinean aurkeztu zuten atzo Alberto Luengas idazle amurrioarraren azken lana: El ayalés polifacético. Liburuak Juan Antonio Alañaren bizitza du hizpide. Alaña bera egon zen aurkezpenean liburuko pasadizoak aletzen.
Luengasek Alañaren alderdi humanoa goraipatu nahi izan du liburuan: "Alañak bizitza osoa eman du besteen mesedetan, trukean ezer eskatu gabe".
Bizitza polifazetikoa
Adarrak landu eta jotzeagatik da ezaguna Juan Antonio Alaña, Menagaraiko auzokidea, baina bere bizitzan zehar beste hamaika kontutan ere ibili izan da buru-belarri. Gaztetan artzain izandakoa da, eta ia 40 urtez aritu da Aiarako Txirrindulari Elkarteko zuzendari lanetan.
Bidaiatzea izan da aiararraren beste afizio handietako bat. Besteak beste, Europan, Asian edota Amerikan zehar aritu da motxila soinean zuela. Bidaia guzti horietan bizitako anekdotak jasotzen ditu Luengasen liburuak.