Tubacexeko langileak eta Aiaraldeko Greba Batzordea proposatu dituzte Aiarako jaietako pregoilari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 19a, 16:00

Aiaraldeko Greba BAtzordeko kideak Tubacexeko langileekin batera iragan martxoaren 5ean. / Aiaraldea.eus

EH Bildu Aiarak egin du proposamena, Tubacexeko grebalariak eta Greba Batzordeko ordezkariak izan daitezen San Prudentzio jaietako txupina jaurti eta pregoia irakurtzearen arduradunak.

Ate joka daude Aiarako aurtengo jaiak eta EH Bildu udal-taldeak Aiaraldeko Greba Batzordea eta Tubacexeko langileak proposatu ditu txupina jaurtitzeko arduradun. Osasun neurri bereziek ez ezik, dagoeneko 68 egunez luzatu den Tubacexeko langileen greba mugagabeak ere markatuko ditu aurtengo herriko jaiak. Horregatik, udal-taldeak bi kolektiboei eskaini die jaiei hasiera elkarrekin emateko ardura.

Tubacexek 129 langile kaleratzeko hartutako erabakiak eskualde osoan eragina izango duela nabarmendu du koalizio abertzaleak, eta lanpostuen suntsiketaz gain gazteen prekarizazio tasa ere aipatu dute. Egoera horretan, Aiaraldeko Greba Batzordearen garrantzia ere nabarmendu dute: "Aiaraldeko Greba Batzordea bezalako herri mugimendu asanbleario bat hainbat sektoreren borroka biltzen ari da enplegua suntsitzearen aurka eta Aiaraldeko herritarrentzako etorkizuna defendatzearen alde, baldintza duinak dituzten enpleguekin".

Txupinazoa

Lanpostuen defentsan egindako borrokari aitortza egiteko asmoz, EH Bilduk bi kolektiboen ordezkaritzari luzatu nahi die herritar guztien aurrean txupina jaurti eta pregoia irakurtzeko gonbita.

Osasun-neurriak errespetatzeko, jaien hasierako ekitaldia bideoz jaso eta hau zabaltzea da koalizioaren proposamena, "udalaren webgunearen eta agerkari digitalen bidez".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide