2021EKO AURREKONTUAK

Aiarako Udalak 2,2 milioi euroko aurrekontua onartu du eta bi oposizio deituko ditu

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 29a, 11:25
Aiarako Udaletxea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

EAJ eta Aiara Batuz udal taldeek bozkatu zuten 2021eko aurrekontuen proposamenaren alde eta EH Bilduk, aldiz, kontra.

Apirilaren 22an onartu zituen Aiarako Udalak 2021eko aurrekontuak. Zehazki, aurten 2.268.152,47 euro baliatuko ditu tokiko erakundeak. Udal Gobernu Taldeak nabarmendu du hainbat urteren ostean -2008tik alegia-, enplegu publikoaren eskaintza abiatuko duela tokiko erakundeak. Alde batetik, plaza berria sortu eta administrazio orokorreko teknikaria kontratatuko dute. Bestetik, administrari baten plaza finkatuko da, egungo langileak berrezartzeko planaren barruan.

Horrez gain, lan poltsak ere osatuko dituzte behin-behineko hutsuneak betetzeko, bai administrarien zein peoien artean.

Administrazio batzarrak

Diru-laguntzei dagokienez, elkarteek zein Administrazio Batzarrek jasotzen dituztenak mantenduko dira. Kontzejuen kasuan, 35.000 euro egongo dira lan teknikoak ordaintzeko eta beste 35.000 obrak finantzatzeko. Gainera, aholkularitza jasoko dute Jasangarritasun Legea bete dezaten. Berdintasun Sailak 11.000 eurora igoko ditu bere bitartekoak, iaz argitaratutako liburua euskaratzeko, besteak beste. 

Ostalaritza, turismoa eta abeltzaintza

Pandemiak kaltetutako sektore ekonomikoa izan dira, bereziki, ostalaritza eta turismoa. Horregatik, 15.400 euro bideratuko dira tabernen eta landa-etxeen jarduera babestera.

Halaber, aurtengo San Isidro azoka bertan behera utzi denez, 18.000 euro gordeko dira abeltzaintza sustatzeko zenbait ekintza antolatzeko, baldin eta osasun egoerak ahalbidetuko balu. 

Obrak udaletxean

Inbertsioen esparruan nabarmendu beharra dago udaletxeko goiko solairuan esku hartuko dutela bulegoak eraikitzeko, oraingo zein laster batuko diren langileentzat. Izan ere, Aiarako Kuadrillako teknikariek ere bertan dute lanpostua eta eremua egokitu nahi dute, herritarren mesederako. Azkenik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin aurrera egiten jarraituko du Aiarako Udalak, agindu bezala, eta 32.700 euroko bitartekoak bideratuko ditu horretara. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide