Data dantza baten erdian egon ostean -hasieran maiatzaren 7an egin behar zen eta gero 28an-, maiatzaren 21ean helduko da Laburbiraren XVIII. edizioa Aiarara.
Euskarazko zinema jaialdiak hainbat aldiz bisitatu du udalerria eta hurrengo hitzordua, zehazki, Arespalditzako udalbatza aretoan izango da 19:00etan. Urtero legez, 24 Elkarteak antolatuko du, Aiarako Udalarekin elkarlanean.
Laburbira
Kultura ekimenak urtero ekartzen du Aiarara film labur sorta, euskaraz egindakoak guztiak. Aurten 8 hautatuak Aterpean, Nigandik, Game Over, Ilunabarrean esan, Babarrun txapelketa, Datsegit, Nire eguneroko maitea eta Agur izan dira.
Antolatzaileek euren kalitatean erreparatuta egiten dute horien alde eta batzuk bestelako jaialdietan aritu dira jadanik, Zinebin edo Mendi Film Festen, esaterako.
Ohitura jarraiki, emanaldiaren ostean, ikusleek aukera izango dute euren iritziak trukatzeko Aiarara bertaratuko den zuzendari batekin.