Eguraldia lagungarria izan ez bazen ere, arkeologia zale talde batek Babio bisitatu zuen igandean. Laino artean jaso zuten Jon Obaldia izoriarraren informazioa, berak zuzendu baititu azken urteetan han egindako indusketak. Zehazki, 2018an hasi ziren lanak eta bost urtez luzatzea aurreikusi da.
Izoriako elizan bildu ziren 10:00etan eta ordubetean Babioko tontorrean zeuden, bisitaldia egiteko. Aztarnategiaren barruan ikertzen ari diren esparruak erakutsi zituzten, hala nola, bi harresiak, etxebizitzen gunea, eta abar.
Aiaran kokatutako eremua Burdin Arokoa da eta oraindik hainbat misterio daude argitzeke, nahiz eta ikerketa asko aurreratu duten azken urteotan.
Arabako Arkeologia Institutuak antolatu zuen hitzordua, "Arkeologia Berriak Araban" lemapean. Guztira, 6 bisita gidatu prestatu ditu erakunde horrek, Arabako ondarea hobeto ezagutzeko eta, batez ere, orain ikertzen ari diren aztarnategiak ezagutzera emateko, baita bertan erabiltzen diren metodologia arkeologiko berriak ere.