Gaur arratsaldean larrialdi zerbitzuek esku hartu behar izan dute Añesen. Hala ere, istripuaren sorburua Burgosen izan da, Peñaladroseko ur jauzian, Angulo de Menan, hain zuzen.
Zehazki, putzura jaisten ari zen emakume bat erori da eta zuhaitz baten gainean geratu da.
Bere azpian, hala ere, oraindik 4 edo 5 metroko erorketa zegoen eta, ondorioz, Aiarako Suhiltzaileek soken bitartez ziurtatu dute bere egoera eta gero atera dute.
Emakumezkoak mina hartu du bizkarrean eta Ertzaintzaren helikopteroak atera du, Osakidetzako profesionalen esku uzteko Aiaran. Osasun langileek botika eman diote mina leuntzeko eta gero Gurutzetako ospitalera eraman dute, Osakidetzako helikopteroan.
Burgoseko Guardia Zibilak ere parte hartu du erreskatean.
Sutea Aretan
Lan gehiago izan dute Aiarako Suhiltzaileek gaur. Aretako garaje batean piztutako sute txikian esku hartu dute. Berez, auzokideek eurek lortu dute sua itzaltzea, baina suhiltzaileek tresnak erabili dituzte eragindako kea kentzeko. Hain zuzen, berriki jaso dute tresneria.