Jaiotzez orozkoarra den arren, laudioarra sentitzen da Andoni Aldekoa, Laudion bizi izan delako bere bizitzako zatirik handiena. “Nire aita Orozkokoa zen. Aldekoa familia bertatik dator. Lehen belaunaldiak Artea eta zonalde horretakoak dira, baina nire aitaren familia Orozkora joan zen eta Torrezarren geratu ziren bizitzera. Dorre zahar bat zegoen egun Artiachen fabrika dagoen tokian. Hor bizi izan ziren nire arbasoak, errentan”, azaldu du EITBko zuzendariak. “Ni Orozkon bertan jaio nintzen, Torrezar auzoko beste baserri batean”. Urtebete baino ez zen bizi izan Orozkon. “Urtebeteren bueltan gurasoekin Aretara joan nintzen bizitzera, eta sei-zazpi urte eman genituen bertan. Laudiora etorri ginen gero, horregatik sentitzen naiz laudioarra”.
Amaren sorterria
Hala ere, Aldekoaren sorterriaren zati bat eskualdeko beste txoko batean dago: Ozekako Gorbeia auzoan. Hori da bere toki kuttuna.
“Aiarako auzo garaienetariko bat izango da”, hasi da kontatzen kazetaria, “han jaio ziren nire amaren gurasoak eta urte asko eman genituen bertara ia astebururo joaten, etxea pixka bat konpontzeko”. Baserri bat zuten bertan bere aiton-amonek. “Oso zaharra zen eta ez zegoen prestatuta. Nire amak eta bere neba-arrebek konpontzea erabaki zuten, eraikina berreskuratzeko. Lurra ere banatu zuten, eta denek zuten ortua jartzeko espazioa”.
"Gorbeia auzoan bizi ziren nire amaren gurasoak eta urte asko eman genituen bertara astebururo joaten"
Gaztetan ere hainbat aldiz bisitatu zuen auzoa. “Hainbat gau pasa genituen bertan kuadrillarekin, oso bizipen politak izan ziren”.
Paisaia ikusgarriak behatu daitezke Gorbeia auzotik. “Gorobel mendilerro osoa ikusi daiteke bertatik, eta oso-oso polita da niretzat. Nik hiru urte eman nituen Urduñan ikasten, barnetegi batean, eta askotan joaten ginen Txarlazora. Asko gustatzen zait irudi hori”. Maroño ere du gustuko, arrazoi beragatik: “Handik ikusi daitekeena izugarria da”.
Nekazal etxe bihurtuta
Gorbeia auzoko baserria, baina, jada ez da familiarena. “Duela 50 urte utzi zuten. Nire ama lehenago joan zen, ezkondu zenean. Oso baserri handia zen, eta ezinezkoa pertsona bakarrak osorik konpontzea. Seme-alaba asko zirenez, saltzea erabaki zuten. Nekazal turismo etxe bat da orain”.
Hala ere, Aldekoak badu noizbehinka auzoa bisitatzeko ohitura. “Orain dela bi hilabete familia osoa joan ginen bertara. Asko gustatzen zait. Duela urte batzuk Gabonzahar gau bat igaro genuen bertan. Oso aldatuta dago, primeran atondu dute”.
Mendizaletasuna alabei transmititzen
Mendizaletasuna zainetan darama Aldekoak, baina garaiaren arabera gehiago edo gutxiago praktikatzen du. “Ez gara astebururo joaten, baina gustatzen zaigu joatea. Ez ditugu ibilbide oso luzeak egiten. 5-6 orduko txangoak egitea gustatzen zait”. Argi du zein mendi duen gustukoen: Tologorri. Gabonzahar guztietan igotzen da mendi horretara. “Sekulako plana da: goizean goiz igotzen gara, alabekin. Jaistean salda eta pintxo bat hartzen dugu. Gero arratsaldea igaro eta gaueko ohiko afaria. Mendiko Lagunak taldeko kideek jatekoa prestatzen zuten aterpean, eta asko gustatzen zitzaidan bertako giroa. Nire emazteak Amurrion egiten du lan eta harreman asko ditu inguru horretan”.
Dena den, azken urteetan Goikoganera igo dira. “Bertan ere badago giroa, jendeak txorizoa eta sagardoa eramaten duelako. Asko gustatzen zait”.
Familiarekin joan ohi da. “Gure alabei ohitura sartzen saiatzen gara. Oso zaila da une honetan. Gazteenak 12 urte ditu, 15 besteak, eta zaharrenak 17. Baina argi dut hemendik urte batzuetara mendira itzuliko direla”.