TOKI KUTTUNAK

Nortxu Iturriozen toki kuttuna: Etxaurren baseliza

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 18a, 07:00

Irailean ospatzen da Etxaurren baselizako erromeria. / Aiaraldea.eus

Nortxu Iturrioz aiararrak herriko bere toki kuttuna aurkeztu dio Aiaraldea Komunikabideari: Etxaurren Baseliza. Gaztetan aiton-amonekin joaten zen bertako erromeriara, eta gaur egun hiru alabekin batera bertaratzen jarraitzen du.

Etxaurreneko baseliza eta haren inguru ederrak erakutsi nahi izan dizkigu Nortxu Iturriozek, Aiarako bere tokirik kuttunena baita, inolako zalantzarik gabe. Aiaraldea komunikabidearen proposamena jaso bezain laster argi zuekan eskualdeko bazter eder hau hautatuko zuela.

Arespalditza eta Artziniega lotzen dituen A-624 errepidean Kexaara daraman bidegurutzea hartu beharra dago. Komentura iristear garela Menoiora igotzen den errepidea ikusiko dugu ezkerretara, bertatik igo eta kilometro gutxitara "Etxaurren" dioen egurrezko kartel batek bide estu batetik gora bidaliko gaitu. Pista horretatik gora eginda aurkituko dugu eskualdeko harribitxi hau. Baselizan bertan geratu gara Nortxurekin. Iritsi garenerako zain daukagu belardian eserita, zuhaitz baten itzalpean eta aurrez aurre altxatzen den Gorobel mendilerroari begira.

Aiarako herritar guztiak batzen dituen lekua delako maite du Nortxuk Etxuarreneko baseliza: "Aiarako toki garrantzitsua da hau, Etxaurren Ikastola sortu zenean hemengo izena jarri zioten horrexegatik, hain zuzen ere. Niretzat oso leku berezia da." Irailean erromeria bat ospatzen da bertan, Nortxu txikitatik etorri izan da; hasieran bere gurasoekin, lagunekin ostean eta orain bere familia eta alabekin. Urteen buruan aldatuz joan da Etxaurrenez gozatzeko modua, baina paraje eder hau eta bertako erromeria  betidanik egon dira Nortxuren bizitzan.  "Herri desberdinetako bizilagunak elkartzen gara hemen, bakoitzak bere janaria eta edaria ekartzen du baina gero guztion artean elkarbanatzen dugu. Oso giro polita sortzen da. Txikia nintzenean Las Arenaseko dantza talde bat etortzen zen ikuskizuna eskaintzera, azken urteetan Aiara dantza taldea etorri izan da." Bestelako ekintzak ere antolatzen dira erromeriaren testuinguruan, buztingintza tailerra besteak beste. Nortxuk gogoan du ere inoiz lasterketaren bat edo beste jokatu izan dela baselizaren inguruan. 

"Bere garaian mota honetako erromeria gehiago ospatzen ziren Aiarako bazter desberdinetan baina desagertzen joan dira" azaldu digu Nortxuk. Mantentzen diren erromerien artean Etxaurrenekoa, Luiaondoko San Lorenzo eta Lantenoko La Blanca dira garrantzitsuenak. "Gaur egungo gizartean galdu dugu elkartzeko behar hori, lehen askoz gehiago bizi ginen komunitatean. Bere garaian, esaterako, traktore bakarra zegoen herrian eta etxe guztien artean elkarbanatzen zen, gehiago laguntzen genion elkarri. Etxaurreneko erromeria bizitza komunitario horren beste adibide bat da, hona gatozenek guztia elkarbanatzen dugu." Hiru alaba ditu Nortxuk eta eurak ere ari dira barneratzen Etxaurrenera bertaratzeko ohitura, eta hasi dira beraien kabuz lagunekin ingurura egunpasa etortzen.

Erromeria alde batera utzita, Etxaurrenek duen gauzarik erakargarriena bistak dira. Menoio gainean altxatzen den muino batean dago Baseliza, Eskoritas mendiaren magalean. "Izugarria da hemendik ikusten den paisaia" adierazi digu Nortxuk, "Gorobel mendilerro guztia ikusten da, baita Maroñoko urtegia ere, eta arnasten den lasaitasuna oso ederra da!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide