Aiarako Udalak ireki du dagoeneko 2021-2022 ikasturtean udalerrian bertan euskara ikasteko taldeak sortzeko deialdia. Irailaren 28an bukatuko da bertan parte hartzeko izena emateko epea.
Maila egokiko gutxieneko taldeak sortuko dira ikastaroan, eta ikasturtean zehar gutxienez 165 ordu ematea aurreikusi da (5 astero, gutxi gorabehera). Beharrezkoa izanez gero, mailaketa-probak egingo dira.
Izena eman nahi izatekotan, Aiarako Udaletxean (astelehenetik ostiralera, 9:00-14:00) edo Luiaondoko udal bulegoan (astelehena, 9:00-12:00; asteazkena, 12:00-15:00) egin daiteke, irailaren 28a baino lehen. Beste modu bat www.aiarakoudala.eus helbidean dagoen inskripzio-orria deskargatzea da, eta, bete ondoren, info@aiarakoudala.eus helbide elektronikora bidaltzea. Izena emandako guztiei deituko zaie, dagokien informazioa emateko.
Udal beka
Ikasleek dagokien matrikula-kostua ordainduko diote AEKri ikasturte hasieran. 2022ko urrian, berriz, beka eskatzeko aukera egongo da, eta baldintzak beteta, matrikularen %100 arte itzuliko zaie.
Informazio gehiago Aiarako Kuadrillaren Euskara Zerbitzuan: 945 399 122 / cayala.alberto@ayto.araba.eus.