Hogeitalau Elkarteak, udalaren laguntzarekin, Aiarako Euskararen Asteburuaren edizio berri antolatu du. Ohiko zenbait ekintza ez dira egingo aurten, baina bestelako batzuk sartu dituzte egitarauan.
Esaterako, larunbatean 19:00etan, Arespalditzako udalbatza aretoan, 80 Amandre emanaldia egongo da eta Dorleta Kortazarrek helduentzako ipuinak eskainiko ditu. Hurrengo egunean Igande Arratsaldeak Familia programaren urriko jarduera izango da, eta Nai malabaristaren trebezia bilakatuko da protagonista. Hori ez ezik, ohi bezala, eskulan tailerra eta etxera eramateko askaria izango dute umeek.
Ginkana
Edonola ere, Aiarako Euskararen Asteburuko osagai berriena da ginkana. Iaz antolatu zuten lehendabizikoz eta parte-hartzaileek zailagoa izatea eskatu zuten. Aurten eskaera hori asetzeko asmoz, proba luzeagoa eta konplexuagoa prestatu dute.
Hain zuzen, ostegunean hasiko dira Ginkanako pistak zabaltzen Aiarako Udaleko eta Etxaurren Ikastolako Whatsapp taldeetatik, eta Aiaraldea Hedabidean. Jendeak toki edo objektu bat topatzea izango da pista horien helburua. Lehiakideek pista lortzen badute, selfie bat atera eta hogeitalau@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dute.
Proba urriaren 15ean hasiko da eta azaroaren 20an bukatuko da, 00:00etan. Epe barruan, hau da, pista bat zabaltzen denetik hurrengoa zabaldu arte, jasotako erantzun zuzenek honelako puntuazioa izango dute:
- Jasotako lehenengo erantzun zuzenak --> 10 puntu
- Bigarrenak --> 8 puntu
- Hirugarrenak --> 6 puntu
- Epe barruan jasotako gainerako erantzunek hiruna puntu batuko dituzte.
- Epez kanpo, baina azaroaren 20a baino lehen erantzun zuzenak bidaltzen dituztenek puntu bat lortuko dute erantzun zuzen bakoitzeko.
Tokiko produktuez osatutako saskia izango da saria, eta azaroko Igande Arratsaldeak Familia programaren edizioan jakinaraziko dute irabazlearen izena.