IRITZIA

Musukoak umeen eskubideak urratzen ditu

Zuriñe Urreta 2021ko aza. 14a, 06:00

Ikastetxeetan oraindik derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea 12 urtetik azpiko umeentzat. / Aiaraldea.eus

Gure seme-alabek jasan dute ikasturte oso batean oinarrizko eskubidearen urraketa: arnasteko eskubidea, hain zuzen.

Ikastetxeak bilakatu dira toki ezatseginak, zeinetan aske arnasteko eskubidea kendu duten. Irakasle ugari, tamalez, izan dira, musukoaren erabilera zuzenaren zaintzaile, umeen ongizatearen bermatzaileen arduradun izan behar zirela eta sen ona ahaztuta. 

Gure seme-alabek ikasturte osoa igaro dute aurpegiak ikusi gabe, euren adierazmena eta besteena ikusi gabe. Jolastokian aritu dira eta kirola egin dute musukoarekin, logika orotik eta edozein justifikazio zientifikotik harago, euren osasuna arriskuan jarrita egunero.

Gure seme-alabak ez dira heroiak. Umeak dira eta ez zaie beste irtenbiderik geratzen, euren osasuna jokoan jartzen dituzten arauak betetzea baino. Zigorren mehatxuak izan dituzte, errudun bilakatu dituzte arnastu nahi izateagatik eta lelo errepikakorren menpe egon dira, batzutan histeriatik gertu, arrazoirik gabeko beldurra txertatuta, gizartea irizpiderik gabeko jendetza bilakatu duen beldurra.

Nazioarteko hainbat ikerketek erakutsi dute behin eta berriro erabat partziala izan dela musukoaren inposizioa COVID-19aren aurka borrokatzeko, bereziki, haurren artean. Kolektibo hori bereziki kaltetua da oxigeno harreraren murrizketagatik; burmuin eta birikien funtzioak kaltetzen ditu, baita arreta eta hazteko gaitasunak ere. Gainera, badaude bestelako arriskuak. Esaterako, hipoxia, bihotzekoak, neumoniak, onddoak, edota ekzemak dira musukoaren erabilera jarraituari lotutako gaixotasunak, eta ez bakarrik fisikoak, baita psikologikoak ere. 

Umeek musukoa jolastokian eraman behar dute bitartean, futbol zelaiak betetzen ari dira.

Munduko Osasun Erakundeak berak adierazi du hamaika aldiz musukoen erabilera gomendatuta dagoela bakarrik pertsona gaixoen edo horrelakoekin harreman estua dutenentzat (zaintzaileak, osasun langileak...).

The Lancet Child & Adolescent Health aldizkari adituaren arabera, COVID-19ak ez du ia eraginik umeengan.

Espainiar Gobernuak, nahiz eta musukoaren derrigortasuna kendu eremu irekietan 2021eko ekainaren 26an, ez du baldintza hori erretiratu ikastetxeetan 2021/2022 ikasturtean, inolako zentzurik ez duen arren. Klasetik atera eta gero, umeek harremana dute beste umeekin eskolaz kanpoko jardueretan edota parketan, burbuila taldeetan ez daudenekin ere. 

Zintzoak izan gaitezen, mesedez, gure haurrekin. Eurak ezin dira egon musuko barik burbuila taldeetan, baina helduek jaiak antolatzen dituzte txokoetan. Egiten dira lehiaketa jendetsuak publikoarekin (8.000 parte-hartzaileko maratoiak). Ireki dira jatetxeak eta tabernak, zeinetan musukoa beharrezkoa den bakarrik mahaira heldu arte eta gero lokala partekatzen den hainbat lagunekin... Futbol zelaiak beterik eta beste herrialdetan kontzertuak musukorik gabe. Europako azken herrialdea da hau zeinetan 12 urtetik beherako haurrek musukoa erabiltzen duten. Eta gero europarrenak izateko pretentsioa dugu.

Jaunok, gurasook, politikariok, hezitzaileok, pediatrok... mesedez, utzi haurtzaroa txarto tratatzeari eta bestelako helburutan zentratu. Umeek ez zuten inoiz injustizia hori pairatu behar izan.

Orain gurasoon esku geratu da lapurtutako haurtzaroa berreskuratzea

Orain gurasoon esku geratu da lapurtutako haurtzaroa berreskuratzea. Ez dezagun ahaztu ume zoriontsu bat, heldu osasuntsu eta orekatua izango dela. Haurtzaroa da bizitzako aro garrantzitsuenetako bat, eta baldintzatuko du gure izaera helduak izatean.

Gogoratu dezagun, gure seme-alabak dira etorkizuna. Zer nahi dugu? Heldu askeak erabaki garrantzitsuak har ditzaten? Edo nahiago ditugu bizitzako une zailenen aurrean segurtasunik izango ez duten helduak?

Psikologian badago kontzeptu bat “babesgabetasun ikasia” deitzen dena. Hau da, umeak ikasten du ez deual ezer egin behar egiten zaion kaltearen aurrean. Defendatzen ez ikastea kontzeptu hutsatik harago doa, buru baldintza da, sumisioak eta babesgabetasunak markaturik. Noizbait mundua euren eskuetan egongo da. Zein eskuetan egon nahi duzu zuk? 

Errespeta ditzagun Espainiar Konstituzioak jasotako oinarrizko eskubideak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartan jasotakoak ere. 1. Artikulua: Giza duintasunaren eskubidea. 3. Artikulua: Integritate eskubidea. 4. Artikulua: Tratu krudelen eta laidogarrien debekua. 6. Artikulua: Askatasun eskubidea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide