Aiarako Udal Osoko Bilkurak aho batez babestu du EH Bildu udal taldeak aurkeztutako amiantoa erretiratzeko mozioa. Horrenbestez, udal erakinetan elementu kutsagarri horrek duen presentzia aztertuko dute, eta beharrezkoa den tokietan hori kentzeko planak abiarazi.
Onartutako testuak amiantoa kontrolik gabe ez erretiratzeko eta legez kanpoko isurketak saihesteko mekanismoen beharra ere azpimarratzen du. Baita obra-lizentziak eskatzerako orduan elementu kutsagarria detektatzeko antzemate sistema bat ezartzea ere.
“Nahiz eta 2005az geroztik Europar Batasunean elementu debekatua izan, gaur egun jende asko bizi da amiantorekin, eta kasu askotan, osasunarentzat zer eragiten duen jakin gabe. Ez dakigu zenbat dagoen eta non dagoen” azaldu du Karmele Poblacion udal talde abertzaleko zinegotziak.
Udalak konpromisoa hartu du, udalbatzan horrela ebatzita, gaur egun indarrean dauden laguntza ekonomikoak aztertzeko. Amiantoa erretiratu edo egokitu behar duten partikularrak laguntzea da helburua.
Amiantoaren gaia, Madrilen hizpide
Espainiako Gobernuaren aurrekontu orokorrak eztabaidatzen ari dira egun hauetan Madrileko (Espainia) Diputatuen Kongresuan. Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko diru sail bat onartu du amiantoaren biktimen konpentsazio funtsa sortze aldera. EH Bilduk berak proposatu zuen 2022ko aurrekontuetan zuzenketa hori sartzea, eta PSOE eta Unidas Podemosek alde bozkatu zuten.