Asteburuan jaso zuen saria, "Igande arratsaldeak familian" dinamikaren barruan. Sari banaketaz gain, beste bi jardueraz ere gozatu ahal izan zuten Arespalditzako elizara bertaratutakoek: Erramun Babarrun eta Mariaje Potafe ikuskizunaz eta eskulan tailerraz.
Urriaren 15ean abiatu zuten euskara sustatzeko ginkana. Dinamika sinplea izan da: hiruzpalau egunean behin pista berri bat zabaldu dute sare sozialen bidez. "Pista horiek iazko Euskaraldian Arigune izandako tokietara bideratzen zuten jendea, hori izan da ginkanako toki guztiek komunean izan dutena", azaldu dute antolatzaileek.
Euskaraldiaren ordezko jarduera gisa egin dute ekimena, herrian "euskararen aldeko tentsioa" mantentzeko.
Argazkiak: Aitziber Alava