Hodei Muñozek bi garaipen lortu ditu astebetean ziklokros txapelketetan

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko abe. 8a, 08:17

Hodei Muñoz nagusitu zen atzo ere, Elorrion. / Aiarako Txirrindulari Elkartea

Aiara Txirrindulari Elkarteko Hodei Muñozek irabazi zuen Kantabriako proba asteburuan, baita atzo Elorrion ere. Oier Colmenero, berriz, bigarren izan zen Nafarroan.

Euskadiko zein mugaz kanpoko txapelketetan ari dira lehiatzen Aiara Txirrindulari Elkarteko gazteak. Larunbatean Kantabriara jo zuten Puente Viesgoko ziklokros proban parte hartzera, eta lehen postua eskuratuta itzuli ziren eskualdera. Hain zuzen, Hodei Muñozek lortu zuen lehen postua:

Aiara Txirrindulari Elkarteak sare sozialetan adierazi duenez, "bikaina" izan zen gaztearen norgehiagoka: "Sekulako emaitza lortu du Hodei Muñozek, garaipen bikainarekin". Ez da, gainera, aurten podiuma zapaldu duen une bakarra. Elkartearen hitzetan, Muñoz da bere kategorian indartsuen dabilen kirolarietako bat.  Atzo -abenduak 8-  ere, Elorrioko ziklokrosean aritu zen Hodei Muñoz, eta lehenbiziko postua eskuratu zuen.

Iñigo Urienek ez zuen Kantabrian zorte bera izan, "bigarren zihoan azken itzulian, baina zapatila bat apurtu zitzaion eta ortozik geratu zen". Ondorioz, erretiratu egin behar izan zuen, lokatzarekin ezin zuelako aurrera egin. "Horrelakoak dira lasterketak batzuetan. Espero dugu Iñigo Urienek ere noizbait sariren bat jasotzea, oso denboraldi ona egiten ari baita", erantsi dute elkartetik.

Elorrioko ziklokros txapelketa da modalitate honen zaleen "katedrala". Hala aipatu dute sare sozialetan jarraitzaileek. Hargatik, bertara hurbildu ziren atzo Aiara Txirrindulari Elkarteko kirolariak. Ondorengoak izan ziren eskuratutako emaitzak:

  • Asier Beraza: 7. postua
  • Iñigo Uria: 8. postua
  • Oier Colmenero: 10. postua
  • Erlantz Alday: 21. postua
  • Iker Colemenero: 24. postua
  • Harri Paskier: 32. postua
  • Telmo Ibarrola: 49. postua
  • Ekhi Uriarte: 50. postua

"Zirkuitua oso astuna izan zen, lokatzagatik asko ibili behar izan ziren oinez, eta bakoitza gogortasunera moldatu behar izan da", azpimarratu du elkarteak. 

May be an image of 6 pertsona, people riding bicycles, people standing, bizikleta eta aire zabalean

Oier Colmenero bigarren Urdiainen

Bestalde, Oier Colmenerok Urdiaineko (Nafarroa) Benigmo Mendiaren oroimenezko lasterketan hartu zuen parte asteburuan. "Irteera txarra egin zuen, baina postuak aurreratzen joan zen bigarren bukatu zuen arte, herri horretako Ekain Imaz lasterkariaren atzetik; nabarmen gailendu zena". Hala ere, oso pozik jaso dute emaitza, "aurreko astean erorketa gogorra izan baitzuen" taldeko kideak. 

Aiarako Txirrindulari Elkartearen hitzetan, kirolari gutxi lehiatu dira asteburuan, "datozen egunetan presente egongo garen probetarako indarrak gorde behar ditugu eta".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide