Atzo arratsaldean Aiarako II. Ziklokrosa aurkeztu zuten Arespalditzako Gizarte Etxean. Horretarako, mahaian eseri ziren Javier Ruiz de Larrinaga Euskal Selekzioko hautatzailea, Gentza Alamillo alkatea, eta 3 presidente: Julia Liberal Arabako Txirrindularitzako Federazioko lehendakaria, Iñaki Isasi Aiala Txirrindularitza Elkarteko kidea eta Raul Mena Euskal Federazioko ordezkaria.
Ekitaldian azpimarratu zutenez, igandean Ibaguenen 10:15ean lehiatuko dira hainbat kategorietako Euskadiko Txapelketak; eta Aiarako txirrindulariek kadete kategorian irabazteko aukerak dituzte. "Espero dugu etxean jokatzeko presioa gainditzea", adierazi zuen Iñaki Isasik.
Edonola ere, protagonismo edo aitortza handiena probaren antolatzaileek (Iñaki Isasi Taldeak eta Aiala T. E.-k) izan zuten, nahiz eta eurek hori ez bilatu. Gentza Alamillok goraipatu zuen lan handia egiten dutela, eta gero eta zailagoa dela topatzea "besteen alde trukean ezer eskatu gabe" lan egiten duen jendea.
Javier Ruiz Larrinagak oso modu positiboan baloratu zuen prestatutako ibilbidea. Julia Liberalek, bere aldetik, ezustean harrapatu zuen jendea aipatu zuenean nabaria dela Aiaran "ia bizkaitarrak" direla: "Elkarlanean aritzeko gaitasun handia duzue. Arabako Federazioaren %80 zarete eta hemen beti daude erraztasunak probak antolatzeko. Gasteizen eta bestelako eskualde arabarretan gauzak zailagoak dira".
Liberal eta Mena, gainera, itxaropentsu agertu ziren etorkizunari begira, eta Espainiako Txapelketa Amurrion jokatzeko aukeraz mintzatu zen: "Aurten Vicen izango da, baina antolakuntza oso pozik geratu da Amurrioko proposamenarekin".
Agerraldiko parte-hartzaileen adierazpenekin batera, zenbait bideo proiektatu zituzten, eta horietan Gorka Izagirre edota Paula Suarezen mezuak zabaldu zituzten. Joseba Terreros Iñaki Isasi Taldeko presidenteak ere hitza hartu zuen, eta babesa eskertu zien laguntzaile guztiei, Aiarako Udalari bereziki, aurrekontuaren %80 hartu baitu bere gain.
Publikoan Aiaraldeko txirrindularitzako aurpegi ezagunak egon ziren, Lukene Trujillano edota Iñaki Pinedorenak, esaterako. Amaitzeko, luntxa egin zuten lagunen arteko giroan.