Lukene Trujillano, Hodei Muñoz eta Iñaki Carro aiaraldearrak Euskadiko Txapeldunak izan dira Ibaguenen

Aitor Aspuru Saez 2021ko abe. 26a, 22:15

Eskualdeko txirrindulari gehiagok zapaldu dute podiuma; Iñaki Guarestik eta Iñaki Isasik, hain zuzen. Gainera, Aiala Txirrindularitza Elkarteko hainbat kide sailkatu dira lehen hamarren artean.

Euskadiko Txapelketak emaitza bikainak utzi ditu gaur Ibaguengo kirol gunean. Izan ere, Hodei Muñoz luiaondoarra, Lukene Trujillano amurrioarra eta Iñaki Carro laudioarra txapeldunak izan dira.

Garaipena lortu duen eskualdeko lehen kirolaria Hodei Muñoz izan da. Aiala Txirrindularitza Elkarteko partaidearentzat 8. aldiz irabazi du aurten eta hasieratik ezarri du bere legea. Hain zuzen, talde guztia kokatu da 10:15ean sarrerako lehen postuetan eta irabazteko asmoarekin atera dira lehen unetik.

Muñozek norgehiagoka izan du tropelaren buruan Haritza Allende bizkaitarrarekin, baina, azkenean, nagusitasunez gailendu da. Horrez gain, podiumetik oso gertu geratu dira Iker Colmenero, Asier Beraza eta Iñigo Uria, 4., 5. eta 6., hurrenez hurren.

Denbora gutxi igaro da eskualdeko hurrengo txapela heldu den arte. Hain zuzen, Lukene Trujillano amurrioarrak Junior kategoriako lehen postua eskuratu du. Lehia polita izan du Naia Agirre bere lagunarekin, eta pozik besarkatu dira  helmuga zeharkatu dutenean.

Hirugarren txapelduna Master 30 kategoriak utzi du, Iñaki Carro laudioarra. Master 40 mailan Iñaki Isasi igo da podiumera 3. postuan, David Busto eta Iñaki Yus profesional ohiaren atzetik. Sprintean erabaki da sailkapena Yis eta Isasi artean.

Beste aiaraldear batek ere tokia hartu du oholtzan. Izan ere, Iñaki Guaresti bigarren izan da 23 urtetik azpiko kategorian, Igor Arrietaren ostean. Edonola ere, Guarestiren lasterketa bikaina izan da eta Open diziplinan (hau da, Elite kategoriakoekin batera), 8. izan da. Bere aurrean geratu diren txirrindulari guztiak punta-puntakoak dira: Ion eta Gorka Izagirre, Jonathan Lastra, Aitor Hernandez, Omar Fraile eta Peio Goikoetxea. Aipatzekoa da orpoz orpo ibili dela aiaraldearra eurekin probaren zati handi batean. Sailkapen guztia hemen dago ikusgai.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide