GENTZA ALAMILLO UDAETA

“Aiarako Kuadrillako egoitza hemen egonda amaitu da eztabaida historikoa”

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 6a, 13:10

Gentza Alamillo Udaeta, bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

Urteak gorabehera ugari izanda ere, modu baikorrean baloratu du GENTZA ALAMILLO UDAETA Aiarako alkateak. Izan ere, kuadrillako egoitza udalerrian geratzea adostu zuten alderdiek.

Zein da 2021eko jardueraren balorazioa?

Positiboa. Egoera arraro samarra izan da 2021ean ere eta aldez aurretik antolatutako hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan ditugu.

Gainera, abiatu nahi genituen zenbait proiektu hurrengo urterako geratu dira. Adibidez, Gaztegunea ireki nahi genuen, baina osasun egoera dela medio, lonjak eta abar itxita egon behar ziren eta ez dugu martxan jarri. Horrez gain, herritar nagusientzat prestatutako hainbat ekimen ezin izan ditugu gauzatu. Neurri murriztaileak egon ez arren, eurekin hitz egin genuen eta oraindik beldurra sumatzen zen. Dena den, ideia da 2022an konpromiso guztiak betetzea eta gauzatzea ezin izan dena egin.

Abiatu duzuen proiekturen bat goraipatu nahi duzu?

Aurten hasi dugu Agenda 2020-2030 eta landu ditugu 2022an abiatuko ditugun proiektuak. Alde batetik, Luiaondoko Patxita Etxeko goiko solairuan obrak hastea; bestetik, aurten Etxaurren Ikastolako berogailua aldatzeko urratsak ematen hasi gara. Erregai fosilak erabiltzetik, nahi dugu biomasa galdara baliatzea. 2022an ingurumena eta energia berriztagarriak helburuak eta ardatzak izango dira.

"Goraipatzekoa da, oro har, egoera zaila izan arren, Aiarako elkarte guztiek egindako ahalegina euren ekintzak aurrera ateratzeko"

Aurten Aiarako emakumeei buruzko liburua argitaratu duzue. 

Gai horretan balorazioa oso positiboa da. Pandemia egoera bizi arren, jendeak parte hartu du eta harrera ona izan du liburuak. Bazen garaia aitortzeko emakumeek historian izan duten garrantzia eta bere lana publikoki aintzat hartzea. Oso pozgarria izan da.

Herriaren bizitza sozialari dagokionez, ekimen jendetsuak bultzatu dituzte kirol elkarteek, ezta?

Bai, udan Aiara BTT elkarteak antolatu zuen Euskadiko mendi bizikleta txapelketa eta urtea amaitu baino lehen Euskadiko Ziklokros txapelketa ere izan genuen. 

Goraipatzekoa da, oro har, egoera zaila izan arren, Aiarako elkarte guztiek egindako ahalegina euren ekintzak aurrera ateratzeko, duintasunez eta bere gai pribatuak alde batera utzita gizarte osorako egitarauak prestatzeko. Hori eskertzekoa da.

Urte amaieran jakinarazi dute kuadrillako egoitza Aiarako udalerrian egongo dela, azalduko dizkiguzu prozesuaren nondik norakoak?

Eztabaida historikoa izan da, beti egon baita Aiarako Kuadrillaren barruan. Azaldu beharra dago kuadrilla sortu zen unetik Aiarako Udalak eman zuela aurrera pausoa eta eskaini zituela bere azpiegiturak lehenengo momentutik. 

Gorapaitzekoa da erabakiak alderdi politiko guztien adostasuna izan duela, bakarrik Omnia abstenitu zen, baina ez zegoen aurka. Finean, eztabaida hau landu da eta aho batez egin du aurrera.  Bestalde, kuadrillak bost udalerriri ematen die zerbitzua, baina bereziki hiru udalerri txikiri (Aiara, Okondo, Artziniega). Ez daukagu teknikaririk eta guri ematen digu zerbitzua gehienbat, hortaz, Aiaran geratzeko erabakiak eragingo du positiboki ere lurralde orekan.

Orain Kuadrillaren barruan hausnarketa prozesua egingo da, definitzeko zeintzuk diren beharrak (zenbat bulego eta zein motakoak). Hori behin langileekin erabakita, ideia lehiaketa deituko da eta Aiarako Udalak nahi du existitzen diren eraikinetan kokatzea egoitza, bide batez, gure ondare kulturala mantentzeko. 

Bertan behera geratu zen Aiaraldeko Euskararen Eguna, baina konpromisoa hartu duzue aurrerago egiteko antolatzaile guztiok, ez da horrela?

Bai, azkenenan, horrelako erabakiak zailak dira, baina azken egunetan egoera okertu zen, osasun esparruan zein eguraldiaren aldetik. Jaiaren helburua zen euskara plazan jartzea eta indarrak batzea. Hori zen nahia, baina baldintzak ikusita, ez zen ziurra betetzea xedea. 

Hala ere, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, Aiarako Kuadrillak eta Aiarako Udalak hartu dute konpromisoa modu indartsuan egiteko eta antolatzeko aurrerago. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluari eta beste eragileei eman behar dizkiegu eskerrak egin duten ahaleginagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide